Aurreakordioa lortuta, bertan behera utzi dute eskola jangeletako greba

Txintxarri Aldizkaria 2026ko martxoaren 11

Garaikoetxea-Landaberriko jangelako langileek ikastetxe kanpoaldean jarritako afixak.

Gaurko eta biharko deituta zituzten lanuzte deialdiak ezeztatu dituzte eskola jangeletako langileek. Negoziazio mahaian gehiengoa duen LAB sindikatuak iragarri du aurreakordioa adostu duela Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako beharginen hitzarmen kolektiboan: "Lan, soldata eta gizarte arloko hobekuntza garrantzitsuak jasotzen ditu". CCOO eta UGT ere batu dira akordiora; ELAk, berriz, ez du babestuko, "langileek eskatutako gutxienekoak betetzen ez dituelako". Garaikoetxea-Landaberri ikastetxeak jakinarazi du atzoko zerbitzu bera emango duela gaur, egunotarako janari gutxiago eskatu zutelako, eta bihar "normaltasunez" berrekingo diotela zerbitzuari.

Gaur egitekoa zuten bilera atzo arratsaldera aurreratu zuten eta proposamena onartzea erabaki zuten arestian aipatutako sindikatuek. LABek du gehiengoa (% 54). Eragile horretako kideek aditzera eman dutenez 37 ikasletik 30era jaitsiko da ratioa Lehen Hezkuntzan, 2027-2028 ikasturterako. Halaber, jangeletako langileen soldatak sukaldeetan aritzen direnekin parekatuko dituzte; bestela esanda, % 6,5 igoko dituzte ordainsariak. 2030era arte iraungo du itunak eta "sektorearen egonkortasuna bermatuko du".

ELA sindikatuak ere parte hartu du negoziazio mahaian baina aurreakordio hori ez izenpetzea erabaki du "langileek eskatutako gutxienekoak betetzen ez dituelako". Eragile horretako ordezkarien esanetan, itunak ez du bermatzen soldatak parekatzea, ordainsarien igoerak mugatzen ditu eta ez du KPI Kontsumo Prezioen Indizeari buruzko erreferentziarik jasotzen. Gehitu du ratioak hobetzeak ez diela behargin guztiei eragingo eta "prekarietateari aurre egiteko funtsezkoak diren gutxieneko lanaldiak" ez dituztela ezarriko.

Garaikoetxea-Landaberriko egoera

Gaurko eta biharko greba deialdiak bertan behera utzi dituzte, baita Garaikoetxea-Landaberri ikastetxean ere. Edonola, gaurko zerbitzua emateko janari nahikoa ez dutenez ikasle guztientzat, atzokoa errepikatuko dute: zerbitzu minimoak egingo dituzte eraikin horretan eta baita Landaberri LHn ere eta bertan ikasi eta etxean bazkalduko duten ikasleak Hipodromoko aparkalekura eramango dituzte 12:15erako. Bihar, berriz, "normaltasunez" lan egingo dute bi eraikinetako jangeletan.

Garaikoetxea-Landaberri ikastetxe kanpoaldean jarritako afixak.