Udalak eskertu egin du herritarrek epe horretan erakutsitako ulermena eta pazientzia, eta nabarmendu du udaleko langileek egin duten lana zerbitzua ahalik eta baldintza onenetan berrezartzeko. Horrekin batera, eskerrak eman dizkie Buruntzaldeko gainerako udalerriei, hiru hilabete pasatxo hauetan emandako babesagatik.
Esku hartze horiek udal zerbitzu hori erabilgarri mantentzeko helburuarekin egin dituzte, Michelingo kiroldegi berriaren lanak egiten bitartea; izan ere, azpiegitura hori "estrategikoa" da udalerrian kirolak izango duen etorkizunerako, udalak nabarmendu duenez. “Kiroldegi berria izan arte itxi genezakeen igerilekua, beste herri batzuetan gertatu den bezala, baina garrantzitsuena erabiltzaileentzako zerbitzua mantentzea zela erabaki genuen”, azaldu du Kirol zinegotzi Goizalde Pildain Narvartek.