Upsala Mendi Elkarteak lehen urteurrena ospatuko du bihar

Txintxarri Aldizkaria 2026ko martxoaren 6a

'Aniztasunean elkarrekin' martxa inklusiboa antolatu zuen urrian.

2025eko otsailaren 27an Upsala Mendi Elkartea sortu zuten eta urteurrena ospatzeko, hilaren 7an jai egun berezia ospatuko dute taldeko kideek. Kirola, inklusioa eta lagunartekotasuna uztartuko ditu egitarauak

Goizeko 09:00etan 8 kilometro eta 350 metroko desnibela duen mendi ibilbidea egingo dute. Edozeinek egiteko moduko bidea izango da eta antolatzaileek jakitera eman dutenez, ikusmen desgaitasuna duten pertsonek ere parte hartuko dute.

Ibilaldia amaitzean Abend jatetxean indarrak berreskuratuko dituzte eta bazkalostean, magia ikuskizunaz ere gozatuko dute. 

Mendi martxa doakoa den arren, bazkariaz gozatzeko izena eman behar izan da mendi elkartearen sare sozial zein webgunean azaltzen den modura.