Gazte Topagunearen berri emango dute gaur Xirimirin

Txintxarri Aldizkaria 2026ko martxoaren 6a

Aurkezpen ekitaldia egingo dute gaur Lasarte-Oriako Ernai eragileko kideek Xirimiri elkartean, 19:00etatik aurrera, "gazte independentisten bilgune" izango den Gazte Topagunea ekimenaren berri emateko. Aurtengo edizioa Abadiñon (Bizkaia) aurrera eramango dute apirilaren 2tik 5era, bi egunak barne.

Ernaiko ordezkariek jakinarazi dutenez, herritarrek "aukera paregabea" izango dute gaur "Gazte Topagunea zer den ulertu eta baita aurtengo egitarauko xehetasunak ezagutzeko ere". Ekimen horren gaineko azalpenak emateaz gain jolasen bat edo beste egingo dutela aurreratu dute antolatzaileek. Hori esanda, herrikideak animatu dituzte arratsaldeko zazpietan Xirimirira bertaratzera.

Grebarako, gazte komitea

Bestalde, jakinarazi dute martxan jarri dutela martxoaren 17ko greba orokorra antolatzeko gazte komitea. "Gu ere lanuzte deialdi horretara batuko gara Lanbide Arteko Gutxieneko Soldata Euskal Herrian erabaki behar dela aldarrikatzeko eta gazteontzako lan baldintza duinak exijitzeko". Aurreneko bilera otsailaren 26an egin zuten eta gehiago burutuko dituzte.