EH Bildu, kiroldegi berriko lanengatik kezkatuta

Txintxarri Aldizkaria 2026ko martxoaren 5a

Lasarte-Oriako EH Bilduko Asier Gorostegi eta Esti Garmendia, kiroldegi berriko obrak atzean dituztela.

Lasarte-Oriako EH Bilduk kiroldegi berriko obrek eta horren garapenak sortzen dion kezka agertu du. Alderdiko Esti Garmendiak eta Asier Gorostegik prentsaurrekoa eskaini zuten atzo euren ezinegona "handia" dela jakinarazteko

EH Bilduko ordezkariek nabarmendu bezala instalazioaren lanen atzerapena argia da: "Hasieran 27 hilabetetan egiteko aurreikusita zegoen lanak atzerapen nabarmena du, begi bistakoa da urte honen amaieran kiroldegia ez dela amaituta egongo". 

Eta kontu ekonomikoengatik kiroldegi berriaren irekiera luzatu daitekeela jakitera eman zuten agerraldian: "Arrisku handia dago lanak geratzeko eta kostua nabarmen handitzeko".

Era berean, egoera horren aurrean udal arduradunen jokaera "larria" salatu nahi zuten: "hirigintzako arduraduna den alkateak ez du behar bezelako jarraipenik egiten".

Eta gainerako talde politiko eta eragile kiroldegiaren gaineko egiazko eta ulertzeko moduko informaziorik ematen ez zaiela ere azpimarratu zuten prentsaurrekoan: "Jakinda zein den gaur egungo kiroldegiaren egoera kaxkarra, ezinbestekoa iruditzen zaigu eragileak ere behar bezela informatu eta haiekin bitarteko soluzioak topatzea". 

Batzordea eta adostasuna

Lasarte-Oriako EH Bilduren hitzetan, kiroldegi berriko lanen gaineko erabakiek obraren jarraipena eta finantzaketa barne, eragin zuzena izango dute hurrengo legealdiko inbertsio aukeren inguruan. Horregatik udal gobernuak alderdi abertzalearekin irtenbideak adostu eta partekatu beharko lituzkeela uste du EH Bilduk, "udal gobernurako benetako alternatiba baikara".

Hori guztia dela eta, alderdi abertzaleak erregistro bidez kiroldegiaren egoera aztertzeko batzorde berezi bat sortzeko eskaera egin duela jakitera eman zuen, "hirigintzako ohiko batzordetik aparte, gardentasuna eta jarraipen eraginkorra bermatzeko".

"Kiroldegia beranduago iritsiko da eta herritarrok gehiago ordaindu beharko dugu. Baina garaiz gaude hartu beharreko erabakiak adostu eta kontsentsuz hurrengo pausuak lantzeko," amaitu zuten agerraldia ezker abertzaleko kideek.