Xabat Martin, bosgarren Zarauztarra Sariko esprintean

Txintxarri Aldizkaria 2026ko martxoaren 3a

Xabat Martin, Zarauztarra sarian lehian. Arg.: Andoaingo Txirrindulari Eskola.

Martxoa hastearekin bat, errepide denboraldia hasi da Andoaingo Txirrindulari eskolan dauden herritarrentzat. Hilaren lehenean, Zarautzen hasi zuten lehia kadete mailako kirolariek. Euskadiko 163 parte hartzaile bildu ziren XXXV. Zarauztarra Sarian eta lehian izan ziren Xabat Martin Mariezkurrena, Unax Guisado Sanz eta Dario Gomez Blanco herritarrak

Hiruetatik Martin izan zen posturik onena lortu zuena, bosgarren amaitu zuen esprintean. Zumaiara iritsi arte ez zen taldean ondo kokatu herritarra, baina bigarren itzulian Meagasen helmugarako 1,5 km falta zirela erasoa jo zuen. Taldeak ongi erantzun zuen, ordea eta esprintean lehiatu behar izan zen garaipena.

Guisado eta Gomez pelotoiaren erdialdean mantendu ziren hasieran. Meagasen arazoak izan zituzten eta atzean geratu arren, taldearekin bat egitea lortu zuten. Meagas bigarren aldiz igotzean hamabosteko multzo bat sortu zen talde nagusiaren atzetik eta Guisado bertan sartu zen; Gomezek ezin izan zuen erritmoa mantendu. Guisadok taldetxoaren esprinta irabazi zuen; lehen sailkatuetatik minutu eta 35era iritsi zen helmugara. Gomezek 30 segundo gehiago behar izan zituen amaierako marra igarotzeko.