Ostadar Boleibol taldeek ederki egin diete aurre euren hitzorduei

Txintxarri Aldizkaria 2026ko martxoaren 3a

Gipuzkoako Txapelketa aurrera doa eta Ostadar SKTko taldeak ederki ari dira lehian. Jubenil eta Kadete Errendimendu mailako kideak lehen postuengatik borrokan ari dira eta ondorioz, boleibol partida interesgarriak ikusi ahal izan zituzten Maialen Chourraut kiroldegira hubildu ziren zaletuek

Otsaileko azken egunean, Kadete Errendimendu zein Partaidetza kategoriako ordezkariak mihise batek banatuta lehiatu zituzten euren hitzorduak.

Errendimendu taldeak lehia garrantzitsua jokatu zuen Aidean Mitxelena Aren aurka. Lehen postua jokoan zuten bi taldeek eta etxekoek ez zuten aukera galdu: 3-0 irabazi zuten.

Txanponaren beste aldea bizi izan zuten Partaidetza kategoriako kideek. Gaztetxoek ongi baliatu zuten euren sakea eta neurketa berdintzea lortu zuten bigarren jokoan. Lizardi BATek ez zuen puntuek ihes egitea nahi eta hirugarren seta eskuratu ostean, laugarrenean ongi egin zioten aurre etxekoen erasoei garaipena lortzeko.

Hilaren 1ean, Fortunaren aurka estu borrokatu behar izan zuten jubenilek azken jokoan. Lehen eta bigarren zatiak erraz irabazi ostean, hirugarrena donostiarren aldeko izan zen. Azken setean erritmoa mantendu zuen aurkariak, baina urdin-beltzak tinko eutsi eta erasoan ongi jokatuz neurketa bereganatu zuen. Ikus galeriako irudiak.

Egun bere multzoko hirugarren postuan dira jubenilak eta bi jardunaldi falta dituzte lehen fasea amaitzeko. Postu horretan mantenduz gero, Gipuzkoako txapeldun izateko lehiarako sailkatuko litzateke. 

Euskal Liga amaitzear

Euskal Ligako taldeek ere bi asteren buruan amaituko dute denboraldiko lehen zatia. Bien bitartean, Ostadarreko ordezkariek ez zuten hutsik egin azken jardunaldian eta sailkapenean buru dira I. eta II. mailan.

Galdakaon (Bizkaia) lehia estuari aurre egin behar izan zion urdin beltzen lehen taldeak. Herritarrei jokoan sartzea kosta zitzaien eta lehen eta bigarren seta etxekoek irabazi zituzten. Ostadarreko kideek ez zuten amore eman, ordea eta markagailua berdintzea lortu zuten. Bosgarren seta jokatu behar izan zuten garailea erabakitzeko eta lasarteoriatarrek ongi eutsi zioten erritmoari jokoa 6-15 irabazteko.

Bigarren kategoriako taldeak Zubirira (Nafarroa) egin zuen bidaia Ibararteren aurka lehiatzeko. Puntuak ongi borrokatu behar izan zituzten arren, nagusi izan zen markagailuan.