Zubietakoek irabazi dute Earka! talde lasarteoriatarraren aurkako saioa

Txintxarri Aldizkaria 2026ko martxoaren 3a

Gipuzkoako Herriartekoan murgildu da zenbait lasarteoriatarrek osatutako Earka! taldea eta nahi baino lehenago amaitu dute txapelketako ibilbidea, hori bai, joan den ostiral iluntzeko Yoko Garbi elkarteko saioan ederki disfrutatuta. Zubietarrek egin dute aurrera.

Taldekako herriarteko txapelketak, banakakoarekin alderatuta, bestelako helburuak ditu: Gipuzkoako eskualdeetako bertso eskolak saretuko ditu eta aukera erakargarriak emango dizkie plaza gutxitan aritzeko abagunea duten bertsolariei. Ariketa hori bera aurrera eraman zuten Yoko Garbi elkartean joan den ostiral iluntzean, baita lehen faseko gainerako saio guztietan ere. Errimak eta doinuak uztartu zituzten gazteak ederki jardun ziren topaketak iraun bitartean eta parean zituzten ikus-entzuleek ere tarte atsegina igaro zuten. Batek aurrera egin eta bestea eliminatuta geratu bada ere, batzuek zein besteek ederki pasa zuten eta hori ez da ahuntzaren gauerdiko eztula. Araitz Ramos, Maddi Lasa, Kattalin Lizarraga eta Leire Ormazabal jardun ziren bertsotan Earka!-n; Xuban Urdalletak jarri zituen gaiak, Lierni Rekondok ordezkatu du taldea eta Ane Labaka izendatu zuten epaile izateko.

Lehenengo eta bigarren kanporaketak, finalerdiak eta finala. Horiek izango dira taldekako herriartekoko lau faseak, hilabete honetatik maiatz amaierara arte 57 taldek jokatuko dituztenak, zortzi eskualde hauetan banatuta: Buruntzaldea (horretan ariko da Earka! ), Debabarrena, Debagoiena, Donostia, Goierri, Oarso-Bidasoa, Tolosaldea, Urola eta Urola Kosta.

Herri eta eskualde bakoitzak bere errealitate soziolinguistikoaren arabera antolatuko ditu lehen faseko saioak: 40 bertsolari aurreneko aldiz ariko dira oholtzan eta, antolatzaileen aburuz are hobea dena, beste horrenbeste lagunek lan egingo dute guztia antolatzeko. Eskualde bakoitzeko talde bana sailkatuko da hurrengo fasera. Final handia maiatzaren 30ean jokatuko dute Aiako probalekuan. Txapelketaren esentzia mantenduko dute: bertso bazkari erraldoiaren formatua izango du. Aurreko bi edizioak 1999an eta 2017an jokatu zituzten.