Andaluzia eguna otsailaren 28an ospatzen da. Larunbata izan da, aurten. Egun berean hasi ziren festarekin, eta igandean amaitu dute Semblante Andaluz elkarteko kideek. Jaiegun hitzari jarraiki, jaiez ondutako egunak izan dira.
Ohorezko ardoarekin topa eginda ekin zioten Andaluzia eguna ospatzeari. Dagoeneko ohitura bilakatuta, Atsobakarreko egoitzan elkartu ziren udal ordezkariak eta elkarteko zenbait bazkide, larunbat iluntzean. Hitzorduarekin hasteko, zenbait kanta abestu eta dantzatu zituzten; besteak beste, euren probintziaren ereserkia. Bestalde, azken urtean elkarteko lehendakari izandako Fernando Cruzek egoitzako giltzak eta lekukoa eman zizkion Carlos Blancori. Jarraian, mokadutxo bat edo beste jan zituzten bertaratutako guztiek, ardo pittin batekin lagunduta.
Igandean, egun osoko egitaraua eraman dute aurrera. Eguerdian, meza rozieroa ospatu dute, Arantzazuko Ama parrokian. Elizkizuna dantza eta kantu artean igarota, elkartean bazkaldu dute. Hasierakoek, lehenengo platerak eta bigarrenak postre ederra izan dute flamenko emanaldia eskaini baitute David Colomo, Jose Jimenez eta Amaia Gonzalez Caballero artistek.