Arratsaldeko 19:30etan ipini zuten hitzordua Saharar Herriarekin Elkartasuna Lasarte-Oria eragileko kideek. Zenbait herritar gerturatu ziren. Udaletxeko balkoiean saharar bandera ikusgai zen, eta mezu hau irakur ahal zen, pankartan: "Maroko Saharatik at! Independentzia". Hogeita hamar minutu iraun zuen elkarretaratzeak, eta amaitzeko, Tomax Arrutik zenbait hitz esan zituen.
Lehenik eta behin, eskerrak eman zizkien deiarekin bat egindako herritarrei, baita taldeak berak aurkeztutako mozioa aurrera ateratzea ahalbidetu zuten EAJ, Podemos eta Bildu alderdi politikoei ere.
Jarraian, egungo egoerari buruz aritu zen. Aitortu zuen, egun, Estatu Batuetako gobernua eta ONU biltzen ari direla Marokoko komisarioekin eta agintariekin. Eta begirale lanetan ari direla Mauritania eta Argelia. Batuketa horretatik etorriko dena oraindik ikusteke omen da. Dena dela, Arrutik estatubatuarren inplikazioarekiko mesfidantza erakutsi zuen.
Bestalde, kanpamenduetako egoeraz solastatu zen. Izan ere, lasarteoriatarren arabera, kondizio okerretan daude; "geroz eta janari eta baliabide gutxiago dauzkate". Hori ez ezik, gazteak alde egiten ari direla jakinarazi zuen. Kaiukoez baliatuta, itsasoa, zeharkatzen ari direla deskribatu. Horretan ari zelarik, gogora ekarri zuen duela gutxi itota hildako gazte sahararra. Aitortu zuen Elgetara etortzeko asmoa zuen, bertan esperoan baitzuen familia saharar bat.