Urteko bigarren hitzordua egin dute

Txintxarri Aldizkaria 2026ko otsailaren 27a

Lasarte-Oriako Sarek deituta, otsaileko mobilizazioa egin dute, erdigunean barrena.

Lasarte-Oriako Sarek otsaileko mobilizazioa aurrera eraman du, hilaren bukaerako ohiturari jarraituta, ostiral iluntzean. 

 

Martxoak 8a gainean delarik, espetxeratutako emakumeak gogoratzeko baliatu dute otsaileko elkarretaratzea. Horren harira, emakumezkoentzat ezinbestekoak diren bizi beharrak aldarrikatu dituzte, "gizonezkoek gizonezkoetan pentsatutako espetxeetan" aintzat hartzeaz gain, asetu daitezen. Izan ere, "zigor gehitua" salatu nahi izan du Lasarte-Oriako Sarek, espetxeetan ere emakumeek tratu hori "sufritu" behar baitute. Horren aurren, deia zabaldu diete herrikideei zein euskaldun orori eskualdeetan egingo diren mobilizazioetan parte hartzeko eta emakumezko euskal presoen defentsa egiteko. 

Era berean, atzera begirako ariketa ere egin dute, adierazi baitute azken hilabetea "nahaspilatxua" izan dela, "zilegizkoa eta legezkoa" den etxeratze prozesua kutsatu nahian aritu direlako "buru belarri" gizartea "iraganera iltzatua" jarraitzea nahi dutenek. Jarrera horren aurrean eta etorkizunari eta elkarbizitzari begira, Sare Herritarrek euren lana berrestu du, hots, konponbidearen bidean sakontzen jarraituko duela, baita horrenbeste behar eta merezi den bakea eskuratzen. Egiteko horretan, norbanakoaren ekarpena azpimarratu dute, eurak bide horretan diharduko dutela gehituz.