Balorazioa "positiboa" da, euriagatik moldaketak egin behar izan dituzten arren

Txintxarri Aldizkaria 2026ko otsailaren 27a

Txus Alonsok eskerrak eman dizkie Inauterietan parte hartzen duten eragileei 

Berriki igaro diren Inauterien balorazioa egin dute udalak eta konpartsek. Bertan hitz egin eta hausnartutakoen berri eman du Jaiak saileko zinegotzi Txus Alonsok, pentsaurrean. 

Hizketan hasi orduko esan du egindako balorazioa "positiboa" dela. Nabarmendu du eguraldiak ez zuela "batere" lagundu, eta horrek erabat baldintzatu zuela aurtengo programazioa. "Martxaren arabera" hartu behar izan zituzten erabakiak, eta zenbait moldaketa egin behar izan zituzten arren, aurreikusitako jarduera guztiak aurrera eraman zituzten. Hilaren 13an ospatu zen Euskal Inauteriari dagokionez, azaldu du, adibidez, eguraldiagatik ezinezkoa izan zela Kaxkamalo erretzea. Hurrengo eguneko Inauteri larunbata ere euriak baldintzatu zuen. Goizean aldaketarik gabe eutsi ahal izan zioten konpartsen aurkezpen agerraldiari, eta bazkaria ere inolako aldaketarik gabe egin zuten. Bazkalostean, desfilearen ordua iritsi zenean hartu behar izan zituzten egitaraua moldatzeko lehen erabakiak. Desfilea kaleetan barrena egiteko aukera baztertu zuten, eta deliberatu, bertan egin beharreko dantzen erakustaldia Okendo plaza atzekaldeko karpan egitea. Udal ordezkariak azaldu du erabaki hori "konpartsakideekin eztabaidatu eta adostua" izan zela, eta moldaketak moldaketa, arratsalde "dibertigarria" izan zela. Mozorro lehiaketak ere ez zuen hutsik egin, eta gaueko DJaren emanaldia "arrakastatsua" izan zela ere adierazi du Alonsok. 

Igandean, aurrez iragarri bezala, LOZETeko buruhandi eta erraldoiak girotu zuten erdigunea Oaintxe in deu txarangak lagunduta, eta Ibai Berriak taldearekin igaro zuten arratsaldea hainbat herritarrek. 

Asteleheneko puzgarriak Isla plazatik Loidibarren pilotalekura lekualdatu zituzten gaztetxoak euritik babesteko, eta sardinaren ehorzketa "masiboarekin" amaitu ziren Inauteriak, asteartean. 

Datorren urterako gaia

Udaltzaingoak 113 intzidentzia erregistratu ditu Inauterietan. Alonsok berak eman du datua, eta esan, horiek guztiak "lapurretagatik, erorketagatik, trafiko arazoengatik edota alkoholak eragindako arazoengatik" izan direla. 

Agerraldia amaitu aurretik, eskerrak eman dizkie Inauterietan parte hartzen duten eragile guztiei. Hala, datorren urteko festari begira ohartarazi du gaia aukeratzeko parte hartze prozesua lehenago jarriko dutela martxan; uda aurretik abiatuko dute.