Juankar Balerdi senidea bisitatzera zihoazen, Almeriako espetxe batera. Bidean zirelarik hil ziren Argi Iturralde eta Iñaki Balerdi, auto istripu baten ondorioz; ama eta anaia. Joxe Balerdi, aita, larriki zauritu. Ezbeharra 2003ko otsailaren 28an jazo zen. Geroztik, urtero biltzen dira Lasarteko-Oriako EH Bilduko ordezkariak euren memoria gogoratzeko. Urteurrenaren harira, testua leitu dute, betiko legez.
Gaurko agerraldian aldarrikatu dute sakabanatze politikaren "biktima zuzenak" izan zirela Iturralde eta Balerdi, eta ez zirela errepide istripu baten ondorioz zendu. Izan ere, urruntze politika martxan jarri zutenek "bazekiten", estadistikako Zenbaki Handien Legeari erreparatuta, hildakoak gertatzea sakabanaketaren "albo ondorioa" izango zela, besteak beste, euskal preso politikoen familien eta senideen artean. Hori dela-eta; "justizia, erreparazioa eta diskriminatuak ez izateko" eskubidea dutela aitortu dute herriko ordezkariek, finean, biktima guztien antzera. Dena dela, jakinarazi dute hogeita hiru urte pasa eta aitortza "ukatzen" zaiela oraindik. Eta ez bakarrik haiei, baita errepidean hildako beste lagunei eta senideei ere.
Ezezkoak ezezko, egoera honek ezin duela luzaroan jarraitu adierazi dute, ez baita "ulergarria" eta "onargarria" biktima orori egindako bazterkeria. Horren aurrean, "sufrimendu guztiak maila berean ikusarazi eta errekonozitu behar direla" galdegin dute; bai kalean, bai erakundeetan eta baita gizartean ere.
"Gertatutakoaren egiak" mosaiko zabal bat osatu behar omen du, Lasarte-Oriako EH Bilduren ustez. Mosaiko zabal hori orotariko egiek onduko lukete. Ideia hori defendatzen dutelarik bildu dira, ostiral eguerdian, Askatasunaren parkean, eta elkartzen jarraituko dute aitortza lortu arte.