Gaurtik erabilgarri dago Goikale eta Kale Nagusia lotzen dituen igogailua

Txintxarri Aldizkaria 2026ko otsailaren 25a

Hamazazpi lagunentzako kabina duen igogailua da eta 07:00etatik 00:00etara erabili ahal izango dute herritarrek

Agustín Valdivia alkateak gaur goizean jakinarazi du Goikale eta Kale Nagusia lotzen dituen igogailua erabilgarri dagoela.  Igogailu hori aipatu bi kale horiek lotuko dituen "oinezkoentzako ibilbide irisgarriaren lehen elementu bertikala" dela, eta iragarri du etorkizunean beste igogailu bat jarriko dutela ibilbidearen azken zatian, herritarrei Oztaran auzoaren goiko alderaino iristea ahalbidetuko diena.

Azpiegiturak hamalau metroko desnibela duela ere azaldu du, eta esan, "irisgarritasunarekiko udal konpromisoa" indartzen duela. Hala, gogorarazi du, erakundeak Manttangorri hiribus zerbitzua indartu zuela mugikortasun irtenbide gisa, "goiko auzoak udalerriko beheko aldearekin lotzeko", baina  nabarmendu du igogailua "beste aukera osagarri bat" dela. Ez hori bakarrik; joan-etorri aktiboa sustatzen duela ere azpimarratu du alkateak: “Norberaren gorputza erabiltzea sustatzen du mugitzeko”. Hamabost minutuko hiriaren kontzeptuaz ere solastatu da: "Herritarrek udalerriko hainbat puntu azkar, erraz eta eroso konektatzeko aukera izatea bilatzen duen hiri ereduaren barruan".

Lizitazioa eta aurrekontua

Igogailuak hamazazpi lagunentzako kabina du, eta segundoko metro bateko abiaduran mugitzen da. Ez da, ordea, 24 orduz erailgarri egongo. Valdiviak jakinarazi du zein izango den hori erabiltzeko ordutegia:  07:00etatik 00:00etara. Gauzak horrela, Gauean  itxita egongo da "segurtasun arrazoiengatik". Hala ere, ohartarazi du instalazioak kamera bidezko bideozaintza sistema duela, eta, horren bitartez, "erabiltzaileen segurtasuna" indartzen dela.

Erakundeen arteko lankidetzari buruz hitz egin du gero, eta esan, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak 364.024,25 euroko diru laguntza eman duela obra gauzatzeko. Proiektua Ingenia, Ingeniería y Arquitectura enpresak aurrera eraman du, eta 878.574,72 euroko lizitazio aurrekontua izan du. 

Bizilagunen kezkak

Obra, ordea, ez da igogailua jartzera mugatu.Udal ordezkariak azaldu du igogailua inguratzen duten eskaileretako sarbidea hobetu dela, ibilbidearen beheko aldea berritu, eta sartzeko plaza oinezkoentzako eremu bihurtu. Azken espazio hori lehen ibilgailuek betetzen zuten eta orain oinezkoentzako bilakatuta, inguruaren oinezkoen eta irisgarrien izaera indartu dute. 

Inguruko bizilagunek helarazitako kezken gainean, alkateak azaldu du aldez aurretik horiekin bilerak egin zituztela.  Elkarrizketa horietan bildutakoa errespetatuz, igogailuaren kabinaren alboak zeharrargiak dira, eta "ez dute etxebizitzetara zuzenean begiratzeko aukerarik ematen". Era berean, goiko pasabideak ere gisa horretako binilo zeharrargiak ditu. 

Hitzartzea amaitzeko, azpiegitura berria erabiltzera eta zaintzera animatu ditu herritarrak.