Beltzak RTko kideek euren harria jarri dute hitzordu ezberdinetan

Txintxarri Aldizkaria 2026ko otsailaren 25a

Beltzak RTko harrobiko kideek Atsobakar kirol gunean zein nazioartean hitzordu ezberdinak izan zituzten

Hilaren 21ean, Gipuzkoa Sortzen proiektuko talde bakarrak izan zuen jardunaldia. Euskal Ligako II. mailako kideek Gaztediren aurka neurtu zituzten indarrak Atsobakar kirol gunean.

Partidako lehen minutuetan Gasteiztarrek aurrea hartu zuten entsegu eta gauzatzearekin. Bi taldeen arteko borroka ederra izan zen metroak irabazteko eta beltzek lortu zuten saria hamaseigarren minutuan; entsegua eta gauzatzearekin markagailua berdindu zuten. Bi taldeek gogor eutsi zioten eta lehen zatiko azken minutuetara arte Gipuzkoa Sortzenek ezin izan zuen berriro Gaztediren defentsa apurtu. 14-7 amaitu zen lehen zatia.

Atsedenaldiaren ostean, norgehiagokan berdintasunak jarraituko zuela zirudien arren, 70. minutu aldera etxekoek zigor kolpe, bi entsegu eta bi gauzatze jarraian egin eta horri esker, 31-7 gailendu ziren.

Herritarrik ez zen egon hamabostekoan, baina aulkian egon zirenek euren onena eman zuten zelaian garaipena erdiesteko. Hala nola, Ander Pelaezek entsegu bat egin zuen.

Egun bat geroago, Beltzak eskolako haurrek topaketa ederra izan zuten kirol gunean. Iruña, Donostia, Zarautz, Eibar eta herriko gaztetxoek ederki borrokatu zuten hirugarren denborako mokadua irabazteko.

Bestalde, martxoa hastearekin bat Gipuzkoa Sortzen proiektuko lehen taldeak fase garrantzitsuari egingo dio aurre. Ohorezko Ligarako igoera faseko lehen partida jokatuko dute beltzek, Astin eta CAR Sevilla izango dute aurkari.

Ezin Georgia gainditu

Nazioarteko lehiara jauzi eginez, Alex Saleta herritarrak eta Espainiako selekzioak ezin izan dute Europako txapelketako multzoko lehia garaipenarekin amaitu Tiflisen (Georgia); Leloek 42-30 irabazi zuten. 

Lehen zatian etxekoak nagusi izan ziren, 21-9; bigarrenean, lehoiak markagailuari itzulia ematen saiatu ziren, baina ez zen posible izan.

Finalerdietarako sailkatu da taldea Portugal izango du aurrez aurre martxoaren 8an; Madrilen hil horretako 15ean jokatuko den final handian egoteko borrokatuko da talde gorri-horia.

Debuta 18 urtez azpikoan

Eta beste herritar batek 18 urtez azpiko Espainiako selekzioarekin egin zuen debuta, Eneko Sanchez. 

Aviron Bayonnais taldean ari den lasarteoriatarra talde gorri-horiak Valladoliden egin zuen egonaldian aritu zen lanean eta Argentinako La Plata taldearen aurkako lagunartekoan lehenengoz jantzi zuen elastika. Taldea apirilean jokatuko den 18 urtez azpiko 6 Nazioen Jaialdia prestatzen ari da.

Eneko Sanchez (erdian) eta euskal taldeetako ordezkariak. Arg.: Euskadi Rugby.