Eguzki Arkupe Rehabilitaciones-ek, taulan gora egiteko beharrezko puntuak

Txintxarri Aldizkaria 2026ko otsailaren 25a

Eguzkiko talde federatuek asteburu biribila izan zuten; guztiek garaipeneko puntuak lortu dituzte. Ohorezko Mailako Erregional taldeko kideek, esate baterako, partida garrantzitsua izan zuten hilaren 20an, Francisco Javier Perez Kixkiren hitzetan "taularen behealdean ez geratzeko eta gora begiratzen jarraitu ahal izateko gainditu beharrekoa"

Eguzki Arkupe Rehabilitaciones-ek Makax Gorka Margoak izan zuen aurrez aurre Maialen Chourraut kiroldegian eta ez zuen huts egin 7-4 irabazi zuen. 

Bi talde pareko zeuden aurrez aurre; presio altua egiten dutenak. Horregatik, etxeko taldearen helburua garbia zen, "aurkariaren lana ezeztu eta euren eraginez aurkarik egin zitzakeen hutsak ongi baliatzea". Eguzkiko kideek ongi bete zuten agindua eta ate aurrean ere asmatu zuten. Ondorioz, emaitza erosoarekin joan ziren atsedenaldira, 5-0.

Bigarren zatian, aurkaria partidan ez sartzeko xedea izan zuten hori-beltzek eta horretan ere fin ibili ziren. Jokoaren erritmoa mantendu eta Makaxekoek lau gol egin arren, ezin izan zioten markagailuari itzulia eman. Eguzkik, aldiz, aldea handitu zuen bi golei esker.

Entrenatzailea pozarren dago taldeak neurketan eta aurreko astean zehar egindako lanarekin eta puntuei esker, sailkapenean gora egin ahal izateagatik.

Gainerako emaitzak

Gainerako taldeei dagokionez, Erregional I. mailako Eguzki ISU Leihoak ederki borrokatu behar izan zuen Garaje Tolosa Teep Tolosala irabazteko; 3-4 izan zen emaitza. Gazte mailan, Eguzki Lekuona tailerra nagusi izan zen eta Irun Futsal 8-0 gainditu zuen. Kadete mailako Eguzki Escalerilla taberna, aldiz, 3-6 gailendu zen Laskorain Aren aurka.