Hiru eguneko lanuzteari ekin diote ikastetxeetako jangeletako langileek

Txintxarri Aldizkaria 2026ko otsailaren 24a

Garaikoetxea-Landaberri ikastetxeko jangelako langileak, gaur. Argazkia: Jangelako langileak.

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako sare publikoko eskoletako beharginek gaurtik ostegunera arteko grebari ekin diote, besteak beste, euren hitzarmen kolektiboa "blokeatuta" dagoela salatzeko: soldata igoerak ez dizkiete aplikatu eta ratioak, funtzioak zein lanaldiak hobetzeko aurrerapenik ez dute egin. Zerbitzu minimoak ematera "behartuta" daudenez, lanean ari dira zenbait profesional, esate baterako, Garaikoetxea-Landaberri ikastetxekoak. ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuena izan da deialdia eta aurreneko mobilizazio egunaren "balorazio ona" egin dute.

Garaikoetxea-Landaberri eraikineko sarreretako batean Jangela arriskuan! Greban lelodun afixa bat jarri dute langileek eta ohartarazi dute lanuztearen alde % 100ak bozkatu arren lanean ari direla, zerbitzu minimoak ematera "behartuta" daudelako. Sasoeta LH eraikinean, aldiz, LABek egindako greba deialdiaren zenbait kartel eta sektore horretako beharginek eskatzen dituztenen berri –ratioak jaistea, lanaldiak handitzea eta lan baldintzak duintzea– aplikatu nahi dizkieten zenbait neurriren berri  ohartarazten duten informazio orriak zintzilikatu dituzte.

Sasoeta LH ikastetxe sarrerako greba deialdia.