Astero sustatuko dute irakurzaletasuna

Txintxarri Aldizkaria 2026ko otsailaren 23a

Joan den larunbateko saioa.

Duela bi urtetik bi astero egin izan duten Liburu Baby Klubaren maiztasuna aldatu eta asteroko ekimena izatera igaro dela iragarri du udalak, "harrera bikaina" egin diotelako herritarrek eta "parte hartze maila handia" delako. 0 eta 3 urte arteko haurrei eta euren gurasoei zuzendutako doako egitasmoa da eta hiru hizkuntzatan burutzen dute: euskara, gaztelania eta ingelesa. Udal Liburutegian aritzen dira, larunbatetan, 11:00etatik aurrera.

Asteroko maiztasunari ekainera arte eutsiko diote antolatzaileek oraingoz. Liburu Baby Kluba jarduera ludiko, didaktiko eta doakoa da, 0-3 urte bitarteko haurrei zuzendua. Pertsona heldu batek lagunduta parte hartzen dute beti, eta pertsona hori ere esperientziaren parte aktiboa da. Liburua da saioen "abiapuntua eta ardatz nagusia", eta helburu nagusia da txikitatik "literaturarekiko, musikarekiko, artearekiko eta naturarekiko interesa" sustatzea.

Mestiza Elkarte Artistiko Soziokulturalak bultzatutako Bookstart Euskadi Gipuzkoa
irakurzaletasuna sustatzeko ekimenen barruan dago programa hori. Parte hartzen duten familiek liburu sorta bat jasotzen dute, doan, jaiotzen direnetik beraiengan irakurzaletasuna, abestiak eta errimak pizteko asmoz.

Kultura anitzeko ekimena
Liburu Baby Kluba, gainera, kultura anitzeko ekimena da, euskal kultura sustatzen duena eta
familiak munduko kultura desberdinetara hurbiltzen dituena, aniztasuna, elkarbizitza eta partaidetza komunitarioa bezalako baloreak indartzeko. 

Jarduera babesten dute Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol Departamentuak eta Leer Transforma Haur eta Gazteen Irakurzaletasuna Sustatzeko Estatuko Sareak. Lasarte-Oriako Udalak 2023an bat egin zuen ekimenarekin eta sail ugariren bidez sustatzen du: Berdintasuna, Garapenerako Lankidetza, Gizarte Zerbitzuak, Kultura eta Osasuna.

Udalerriaren gizarte eta kultura sarea sendotzen duelakoan, udalak animatu egin ditu herritarrak parte hartzera. Gainera, udal ordezkariek uste dute ekimen horrek "indartu" egiten duela Udal Liburutegia, herritarrek haurtzarotik duten "hezkuntza eta kultura akonpainamendurako erreferentzia gune gisa".