"Urtarrilaren 31an 10.000tik gora herritar mobilizatu ginen Bilbon eta Iruñean, faxismoaren eta estatuen autoritarismoaren aurka. Bizi dugun egoerak hala eskatuta deitu ziren mobilizazio hauek, faxismoa gero eta leku gehiago hartzen ari da esparru ezberdinetan eta horregatik zen garrantzitsua gure mezua ozen entzutea: Euskal Herrian milaka gara faxismoari aurre egiteko prest gaudenak. Ez dugu onartuko diktadura frankistaren gorazarrerik, Euskal Herriaren eta euskararen aurkako ideia supremazistarik, etorkinen aurkako arrazakeriarik edota emakumeak gizonen zerbitzura egon behar duela dioen diskurtso matxistarik.
Kapitalismoa krisian dagoen honetan, inperialismoa inoiz baino gehiago ari da indartzen. Gerra hotsak eguneroko ogi dira, esku hartze inperialistak ere inpunitate osoz ematen direla ikusi dugu. Trumpen Estatu Batuetan gobernu faxista bat ezartzen ari dela ikusten ari gara, eta Europa haren menpeko bilakatzen. Oligarkia bere ofentsiba areagotzen ari da. Faxismo berria adibide bat da. Bestetik, estatuen biraketa autoritarioa bultzatzen dute. Bitartean, langileon bizi eta lan baldintzak okerrera egiten dute.
Egoera honen aurrean alderdi sozialdemokrata eta ezkerreko politikari profesionalak alternatiba bezala aurkezten dira, baina argi geratzen ari da faxismoari zein autoritarismoari aurre egin baino bidea errazten ere ari direla. Erabateko porrota. Euskal Herria ez da salbuespen izaten ari faxismoaren hedatze bidean. Faxismoari eta autoritarismoari aurre egingo dion langile fronte zabal bat osatu behar dugu, Euskal Herrian zein nazioartean, antolakuntza eta militantzia politikoa oinarri izango duena.
Oligarkiaren estatu autoritarioari langileon estatu sozialista kontrajarri behar diogu, inperialismoa borrokatzeko eta zapalkuntzarik gabeko gizartea eraikitzeko. Bide horretan jarraitu behar dugu lanean, horregatik, otsailaren 26an ikasle mobilizazioak egingo ditu Ikasle Antolakunde Sozialistak, faxismoaren eta inperialismoaren aurka".