Otsaila ailegatu eta hil honetan antolatu ohi du Irakurle Txokoak bertso bazkari literarioa. Bazkaria izan da, batzuetan, eta besteetan, afaria. Edonola ere, hitzordu atsegina, beti. Bi lasartearrek eta bizkaitar batek osatu dute aurtengo bertsolari hirukotea: Miren Artetxe, Ane Labaka eta Onintza Enbeita. Leire Vargas idazleak debuta egin du gai jartzaile lanetan. Emaitza bertsoz, literaturaz eta umorez ondutako ia bi orduko saioa izan zen.
Gorka eta Aitor sukaldariek ostegunean mimoz kozinatzen hasitako menuarekin asebeteta, platerak jaso eta arratsaldeko bostak inguru hasi ziren bertsoetan. Mahaietan lore sortak ipinita zeuden. Mimosak. Vargasek bertaratutako laurogei lagunak agurtu zituen eta hitza eman zien bertsolariei bera egiteko. Jarraian, lehen lanerako txanda. Hartan, sare sozialetako trend edota joerei jarraiki, literaturarekiko unpopular opinionak partekatzeko eskatu zien idazle gazteak. Atxagaren, Canoren, Saizarbitoriaren eta Sarrionandiaren inguruan aritu zen bikotea.
Liburuak eta ikurrak oinarri
Literatura izan zen hurrengo ariketetarako iturburu. Sinbolo batetik abiatuta, liburu bati buruz hitz egin eta haren harira planteatu zituen egoerak Vargasek. Camila Sosa Villadaren Las malas lanetik partituta, etxearen ikurra eta ohiz kanpoko familia aurkeztu zituen, esaterako. Lagunartean bizi diren bi pertsona ziren Artetxe eta Labaka. Azkenak umea izatea erabaki eta denon artean haztea adostu zuen. Artetxe ez zegoen guztiz lasai ez zekielako nola jokatu umearekiko. Ezjakintasunaren aurrean, Labak honela erantzun zion, begirunez. "Zuk ez dakizu nola jokatu eta normalena da berez. Zuk ez dakizu non kokatu eta, Miren, nik ere ez". Gainerako pasarte batzuetan, arduren banaketari buruz aritu ziren Labaka eta Artetxe. Umearen negarra entzun eta sustoa hartzea ezin zuela "ebitatu" jakinarazi zuen azkenak.
Beste lan batean, Amélie Nothomb Ahizpak nobelako Tristan eta Leticiaren pareko izan ziren Enbeita eta Artetxe. Gurasoak etxetik denbora asko pasatzen zutenez, gezur ederretan, hots, ilusioetan murgilduta bizi ziren bi neskatilak. Liburuko pertsonaien kasuan, telebista ikusten zuten. Bertsolariek, aldiz; tabletarekin, ordenagailuarekin edota sakelekoarekin zaintzen zuten euren burua. Deskribatutako egoera umoretik kontatuta, honela esan zuen Enbeitak: "Pantailak bizi gaitu gehien-gehienean, beste zerbait nahi dugu libre gaudenean. Analogi pixka bat ikusi heinean, flana bolkatuko dut Benito Lertxundiren LP gainean".
Jolasteko tartea
Saioa dinamizatzeko, erronka ederra aurkeztu zion Vargasek hirukoteari. Izan ere, hainbat libururen izenburua bota eta bertsoak ontzeko eskatu zien. Titulu asko esan zituen, horien artean, Jennette Mcurdyren Pozten naiz nire ama hil izanaz. Biografia honi aritu zen Labaka, eta horretan ari zelarik, euskal poeta bat aintzat hartu zuen: "Euskal poeta bat badago berez andre zaharra bera eta ez dakit beti atzetik etortzen denez euskera, berak Mari Luz zitatzen duen edo Mari Luze bera".
Agurren txanda iritsita, Labakak beste zita bat ekarri zuen gogora literaturaren inguruan aritzeko, martxoak 10an Lasarte-Oriako Irakurle Txokoak aurrera eramango duen solasaldia, hain zuzen. "Oso-oso ona" dela gaineratu zuen lasarteoriatarrak. Baina hori baino lehenago aitortu behar da larunbateko hitzorduarekin amaitzeko txalo zaparrada jaso zutela hirukote bertsolariak eta gai jartzaile lanetan aritutako Vargasek.