ELKARRIZKETA

"Errodaje profesional batean egoten ikasi dut, batez ere; eta diziplina ere bai"

Lierni Apaolaza Urdanpileta 2026ko otsailaren 20a

LUKEN URRUZMENDI - AKTOREA

Gaizka pertsonaia haragitu du lasarteoriatar gazte honek 'Go!azen' telesail famatuan. Dantzan, abesten eta antzezten aritzen da pantaila txikian.

2009an estreinatu zuten Go!azen pelikula, eta berehala izan zen gazte ororen eduki kuttuna; bertan entzundako kantuak kotxez egindako bidaien soinu banda. Geroztik, telesaila bihurtuta, hamaika denboraldi egin dira. Hamarkada luze pasa ondoren, jarraitzen du oihartzun handia izaten etxeko txikienen artean. Hori ez ezik, aktore lanetan hasi nahi dutenentzako aukera aparta ere bada. Datorren astean herrian eskainiko duten emanaldiaren harira, bertako aktore den Luken Urruzmendi gazte lasarteoriatarrekin bildu da TXINTXARRI telesailaz hitz egiteaz gain, bere ametsez eta hastapenez solastatzeko.

Astebete barru bi emanaldi eskainiko ditu 'Goa!zen'-ek Lasarte-Orian. Irriketan al zaude? 

Gogotsu naiz, nire etxea izan dena nire etxera datorrelako. Asko pozten nau gertukoak ikuskizuna ikustera etortzeak, hemengo haurrak eta senideak, esaterako, nire lehengusuak ere Go!azen ikusten baitu. Azken finean, nire familia etorriko da. Oholtza gainean ez egon arren, aurten ez baitut zorte handia izan kontzertuetan parte harte hartzeko, publiko artean izango naiz. Dena dela, Iruñean egindako ikuskizunean izan nintzen, eta martxoaren 21ean Donostian eskainiko dugun emanaldian bai izango naizela oholtzan.

Telesailaren publikoa oso sutsua da. Zer sentitzen duzu haien erreakzioa ikustean?

Oholtza gainean aritzeak badu adrelinatik, baita emoziotik ere, beti. Go!azen telesailaren publikoa haurrek osatzen dute, gehienbat. Haiek emandako maitasuna egiazkoa da, eta dantzan eta abesten ari diren bitartean, emozio hori jasotzen duzu. Benetan maitatzen zaituzte, eta hori bizitzea sekulako esperientzia izaten da. Asko motibatzen du horrek lan gehiago egin nahi izatera. 

Zerk bultzatu zintuen 'Go!azen'-en kastingera aurkeztera?

Aktorea izatea nire txikitako ametsa da. Aukeren artean Go!azen ikusi, eta kastinga egin nuen. Uste dut esparru guztietan mugitu behar garela; besteak beste, probetan eta emanaldietan. Finean, aktore baten erronka ahalik eta rol gehien eta ahalik eta desberdinenak haragitzea da. Horrek ematen digu esentzia eta horrek desberdintzen du aktore “normal” bat aktore “profesionaletik”. Lan hori edonork egin dezake, baina profesionala bada, nire aburuz, eskaintzen dioten guztia egiteko gai dena.

 

 

Telesailak oihartzun handia du, batez ere gazteen artean. Nola bizi duzu hori?

Esperientzia surrealista da, ohituta bainago ikus-entzule izatera, beste norbait mirestera. Inoiz ez dut pentsatu beste aldean egongo nintzakeenik, beste pertsonaren lekuan. Hala ere, oso ondo jasotzen dut maitasun hori, gainera, niri umeak asko gustatzen zaizkit. Beraien kariñoa jasotzea oso polita da. Batzuetan, egun txarra izaten dudanean, eta lotsatuta etortzen zaizkidanean galdetzera ea ni naizen Go!azeneko aktorea, eguna alaitzen didate. Opariak ere egiten dizkidate; soinean ditudan pultserak, adibidez. Oso surrealista da, baina era berean oso polita, eta asko eskertzen dugu aktoreok horrelako maitasuna jasotzea. Horrek esan nahi du egindako lana ona izan dela, emaitzan ikusten baita.

Gogoratzen duzu baiezkoa jaso zenuen momentua? 

Justu Bilbotik bueltatzen ari nintzen, Dantzerti-tik; asteburua zela-eta, pozik. Autobusean nintzela jaso nuen deia. Horrelakoetan, euren erabakia helarazi aurretik, elkarrizketa luzatzeko joera dute, eta horren ondorioz, badirudi ez zaituztela hartu. Nire kasuan, esan aurretik pausa dramatiko bat egin zuten, eta ondoren, barruan nintzela esan zidaten. Arnasa hartu eta 'mila esker' esan nien. Ilusio handiarekin jaso nuen berria. Lagun batekin nengoen eta begiradarekin esan nion hartu nindutela, deiarekin jarraitu bitartean. Uste dut autobusaren atzeko ilareko pertsonek ere entzun zutela barruan nintzela.

Nolakoa izan zen errodajeko lehen eguna? 

Probatzeko eta inprobisatzeko aukera bat izan zen errodajeko lehenengo eguna. Urduri nintzen, ez nekien zerekin egingo nuen topo ez nintzen-eta ordura arte proiektu profesional batean izan; hainbeste jendearekin, kamerekin eta estimuluekin. Burua lainotuta nuen, nolabait esatearren. Ez nekien non nengoen. Urduritasunagatik ez nintzen egunaz gozatzen ari, baina lehenengo egunetik aurrera, disfrutatzeko aukera izan nuen. Ikasteko prozesua izan da. Ibiltzen ikasten ari den ume txiki baten antzera aritu naiz. 

Ba al dago estimuz gogoratzen duzun eszenarik?

Asko, denek baitute bere xarma, alde onak eta txarrak. Alabaina, bat aipatzearren, Gaizkak eta Aialak duten musikala esango dut, Bueltatzen kantarekin. Nire lehenengo binakako musikala izan zen, oso polita eta berezia. Egun hori asko gogoratzen dut. Bestalde, emozioari dagokionez, Gaizka atxilotzen dutenekoarekin akordatzen naiz. Nire pertsonaia atxilotuta uzten dute, kuarto batean. Sekuentzia asko izan nituen jarraian, egun horretan. Sekulako erronka izan zen aktore moduan, egon behar izan nintzelako denbora guztian emozio askorekin gidoiak eskatutakoa antzezteko. Akordatzen naiz hurrengo egunean gaixo izan nintzela. Dena den, egun hori asko gogoratzen dut, gogotsu nintzen eszena horiek grabatzeko.

 

"Aktorea izatea nire txikitako ametsa da. Aukeren artean Go!azen ikusi, eta kastinga egin nuen"

 

Gaizka pertsonaia haragitu duzu telesailean, zein izan da bera interpretatzeko alderdirik konplexuena eta zeinekin disfrutatu duzu gehien?

Alderdirik konplexuena teknikoa izan da. Aktore profesional lanetan emandako lehenengo urtea izanda, ez nekien oso ondo zertan ari nintzen. Egia da telesaila ikusi ondoren ohartu naizela kontu batzuk desberdin egingo nituzkeela. Pertsonaia eraikitzearekin ondo moldatu naiz, Gaizka oso lotuta baitago nirekin, Lukenekin. Hori dela-eta, ez da konplexua izan rola alderdi emozionaletik sortzea.

Pertsonaia horri esker zer ikasi duzu? Zer eman dizu aktore bezala? 

Errodaje profesional baten egoten ikasi dut, batez ere; eta diziplina ere bai. Errodaje batean zaudelarik, bizitza salbatu behar duzu egun batetik bestera grabatzen delako, astelehenetik ostiralera. Jardunaldi bakoitzeko sekuentzia jakin batzuk dituzu, eta horrek esan nahi du egun batetik bestera ikasi behar dituzula. Batzuetan, ez duzu barneratzeko tarterik izaten, orduan momentuan bertan moldatu behar zara. “Bizirik” egoten ere ikasi dut, sozialagoa, askoz ere irekiagoa izaten, nigan seguruagoa. Asko ikasi dut niri buruz.

 

Noiz eta nola hasi zinen antzezten?

Txikitatik izan naiz oso antzezlea. Anaia jaio zenean, amarekin batera antzezlanak preparatzen nituen. Mozorrotzen egiten ginen, makillatu. Momentu horietan gerturatu nitzen lehenengo aldiz antzerkira, baina DBH1en nintzela konturatu nintzen aktore izan nahi nuela. Garai hartan, Kataluniatik ekarritako Cinema en curs proiektua lantzen ari ginen, non film labur bat egin behar genuen. Horri esker, kamera atzeko prozesu guztia ikusteko aukera izan nuen, eta pila bat gustatu zitzaidan. Urte berean, antzerkian hasi nintzen. Nahasketa horrek asko motibatu ninduen. Egia da beste gradu batean sartu nintzela, Ingeles Filologia ikastera, Gasteizen. Dena den, bertan konturatu nitzen ez zela nik egin nahi nuena, gustatzen zitzaidan, baina ez zen nire ametsa. Gainera, antzerkia utzi nuen, garai hartan, eta zerbait falta zitzaidala konturatu nintzen. Berriro antzerkian hasi nintzen, eta arnasa hartu nuen, osorik nengoen berriz eta hortik aurrera erabaki nuen antzerkiak betetzen ninduela eta hortik jarraituko nuela. 

 

"Errazak diren gauzak aspergarriak dira. Beste pertsona bat haragitzeak motibatzen nau"

 

Zaila izan daiteke aktore lanetan aritzea. Zerk motibatzen zaitu jarraitzeko?

Nire ustez, zailtasun horrek adrelina ematen dio, errazak diren gauzak aspergarriak dira. Beste pertsona bat haragitzeak motibatzen nau. Dantzatzean edo abestean sortzen den sentsazio hori, nik antzeztu bitarten sentitzen dut. Istorioak kontatzeko aukera, jendearengan zerbait eragitekoa eta zerbait ematekoa, niri hori kuriosoa iruditzen zait. Galdera hau erantzutea zaila da aktoreok ez dakigulako zergatik nahi dugun aktore izan. Eroen lana da, nire ustez, baina aktoreok eroak izan behar dugu.

Lanean ari zaren bitartean, ikasten ere bazabiltza. Nola uztartzen dituzu biak?

Justu udaran aritu naiz lanean, orduan ez zuten bi egitekoek kointziditu. Batzuetan gauzak ateratzen dira kurtsoan zehar, eta ondorioz, derrigorrezko asistentziako eskoletan faltak izaten ditut. Baina ondo moldatzen naiz. Askotan asteburutan izaten dut lana edo arratsaldeetan. Beste batzuetan entsegu bat galdu dezaket, eta behar denean, deitu eta eguna antolatzeko aukera daukat. 

Telesailez gain, ba al dago bereziki esploratu nahi duzun genero edo formaturik?

Musikalen mundua asko gustatu zait, baina beldur psikologikoa probatu nahi dut. Iruditzen zait erronka handia dela. Hala ere, beldurra ematen dit badaudelako kasu asko non aktoreak horrenbeste inplikatu diren pertsonaietan, gero psikologikoki eragin diela horrek. Baina horrelako kasuetan, terapia egon behar da. Nire ustez, aktoreek lanketa hori behar dute, beti eramaten duzulako zure pertsonaiaren zerbait. Asko sartzen zarenean, zaila izaten da bertatik ateratzea. Bestela, ikus-entzunezkoetan komedia probatu nahi dut, beste erritmo bat du, bestelako patroi bat.

 

"Musikalen mundua asko gustatu zait, baina beldur psikologikoa probatu nahi dut"

 

Zer esango zenioke aktore izan nahi duen lasarteoriatar gazte bati?

Nahi duena egiteko eta beti izan behar dela bera. Batzutan, erreferente ditugunak edo arrakasta duen pertsonak imitatzeko joera dugu, baina denok dugu barnealdean zerbait, xarma ematen digun hori. Esentzia hori oso garrantzitsua da aktore izateko, baita denbora guztian lanean aritzea ere. Beti egon behar dugu mugimenduan; nahiz eta lan profesionalik ez egin. Ez dut gomendatzen lanak musutruk egitea, gure ofizioa errespetatu behar da. Askotan, faboreak doan egiteko eskatzen digute. Mundu honetan hasteko aukera asko dago, adibidez, eskoletan; nik proiektu asko egin nituen Andoaingo Escivi zinema eskolakoekin. Nola edo hala, gazte hori has dadila pixkanaka-pixkanaka mundua ezagutzen. Maiz kexatzen da jendea ez duelako  aukerarik. Horren aurrean, nik sakonago bilatzea edo norberak aukera horiek sortzea gomendatzen dut.

Erlazionatuak

Parte hartu lehiaketan!

Txintxarri Aldizkaria ots 19, 13:32