Euskal Herria astindu duen gai bati buruzko 'wikiliburua' argitaratu du

Iñigo Gonzalez Sarobe 2026ko otsailaren 19a

Iñaki Lopez de Luzuriaga herritarrak, beste zenbait wikilari-ren laguntzarekin, 'Palestina eta Ekialde Hurbila sutan 2023-2024' bilduma ondu eta argitaratu du, bestela esanda, 'wikiliburu' bat; Israel eta Palestinaren arteko gatazkari buruzko 25 artikulu bildu ditu, sei ataletan. Patxadaz irakurri eta lau haizetara zabaltzeko lana jarri du lasarteoriatarren eskuetan.

Ez da Euskarazko Wikipedia lantzen eta aberasten dabiltzan pertsonek wikiliburu bat egiten duten aurreneko aldia, baina bai azken urteetan Euskal Herri eta mundu osoa inarrosi duen gai baten bueltan ondu duten aurreneko euskarazko bilduma: Palestina eta Ekialde Hurbila sutan 2023-2024 liburua fisikoki eta digitalki kaleratu du Iñaki Lopez de Luzuriaga herritarrak, beste zenbait wikilari-ren laguntzarekin, Lasarte-Oriako aurkezpen ekitaldira bertaratu ezin izan duen Iñaki Alegriarenarekin, batez ere. Haren ordez, Mikel Zinkunegi herritarrak parte hartu du ekitaldian eta idazkia irakurri ostean "emozionalki astindu" dituen zenbait pasarte nabarmendu ditu, hala nola Harkaitz Cano lasarteoriatarrak eta Joserra Senperenak sortutako Ozenago kantu egin abestia edota Gazan bizi ziren zenbait palestinarren lekukotza zuzenak, soldadu israeldarrek eurak erail baino lehen. Pasarte batzuk irakurrita osatu ditu Lopez de Luzuriagak Antonio Mercero aretoan emandako azalpenak.

Urtebetean argitaratutako 25 artikulurekin osatu dute bilduma eta sei ataletan sailkatu dute. "Testu dezente ditu eta erreferentzia asko ere bai. Wikiliburu bat egiterakoan lotu behar gatzaizkie jatorrizko iturriei, zintzotasunagatik, eta baita Wikipediaren arau orokorrei ere; ezin dugu ezer asmatu, gure prozedurak ez du zerikusirik literaturan askotan egiten den eskua, bihotza edota erraiak askatzeko sormen ariketarekin". Aipatutakoaz gain, interaktibitatea sustatzeko elementuak txertatu dituzte, besteak beste, gailu digitalekin eskaneatzeko QR kodeak. "Lanean jaso dugun informazioa osatzeko baliagarriak dira".

Antonio Mercero aretoan erakutsi duten lana parteka daiteke, betiere CC-BY-SA lizentzia errespetatuta. Bestela esanda, irakurleek posible dute wikiliburu horretan publikatutakoa zabaldu, berrerabili, moldatu eta beste era batera plazaratu, baina egokiro aipatu behar dituzte iturriak; zehatz eta garbi. 

Zinkunegik honakoa gomendatu die parean zituen ikus-entzuleei: patxadaz leitzeko wikiliburua, ez baitzaio irakurraldi batean hartu eta bukatzekoa iruditu. Esku artean izan duen formatu horretako aurreneko lana izan dela aitortu du, eta, aurkezpen ekitaldian kontatu duenagatik, gustatu zaio. Egileek beste askorengan hori bera eragitea espero dute. Beste pare bat agerraldi egin zituzten lanaren berri emateko, Donostiako Kaxilda liburutegian eta joan den abenduko Durangoko Azokan.