Emakumezkoen pilota jaialdi ederra jokatu dute Michelinen

Txintxarri Aldizkaria 2026ko otsailaren 18a

Lasarte-Oriako Michelin kirol guneko pilotalekua herritarrez bete zen hilaren 15ean; lehenengoz Emakumen Binakako Txapelketa Nagusiko lehia ikusi zuten herrian

Jaialdiaren aurkezpenean aurkeztutako egitarauan moldaketak egon baziren ere, partida politez gozatu ahal izan zuten zaletuek. Jardunaldiari hasiera emateko gazteen mailako bi partida izan ziren, batean Itsaso Iparragirre herritarra izan zen. Eta ondorioz, elite kategoriako bi partida izan beharrean, bakarra jokatu zen. Horrez gain, Nahia Bertizek ezin izan zuen parte hartu eta Miriam Arrillagak ordezkatu zuen.  

Gazteen mailako norgehiagoketan, babes berezia izan zuen Itsaso Iparragirre herritarrak. Itsasne Lizarralderekin batera June Zabala-Intza Arruti bikoa izan zuten aurrez aurre. Borrokatu arren, ezin izan zuten garaipena eskuratzerik izan.

Binakako Txapelketa Nagusiko lehen fasea azken txanpan sartu den honetan Olatz Arrizabalagak txapela nahi duela berretsi zuen Michelingo kantxan; seigarrena izango litzateke. Hasieratik maila onean jokatu ziren lau pilotariak eta tanto ederrak egin zituzten. Berdinketa nagusi izango zela zirudien Arrizabalagak erritmo aldaketa egin zuenera arte. Orduan, Goiuri Zabaleta-Miriam Arrillaga bikoak ahal moduan eutsi zien bizkaitarra eta Arrate Bergararen erasoei. Azkenean, 22-11 izan zen emaitza.

Ezin finalerdian egon

Michelingo emakumezkoen jaialdiaz aparte, Lasarte-Oriako Intza KEko ordezkariek ere txapelketa ezberdinetako hitzorduak izan zituzten. 

Horien artean, Gomazko palako moldalitatean zazpira arteko Gipuzkoako txapelketako final laurdenari egin zion aurre Iker Artetxek Anoetako pilotalekuan. Kuku taldeko Luisa izan zuen buruz buru herritarrak eta ongi borrokatu arren, ezin izan zuen gainditu; 25-16 irabazi zuen anoetarrak.