Alkateak igerilekuaren irekiera atzeratu duen arazoaren azalpenak eskaini ditu: "Sabai aizuna kentzeko lanak egin ostean, igerilekua bete eta ura berotzen hastean hustu bidearen ondoan itogina zegoela ikusi zen. Kanila batetik aterako litzatekeen uraren adinakoa".
Arazo berria lanei egotzi die Valdiviak agerraldian: "Inpermeabilizazioaren arazo bat izan da. Igerilekuaren ontzia normalean garbiketak eta etenaldi teknikoa egitean ez da guztiz lehortzen uzten. Oraingoan asteak egin ditu urik gabe eta hustu bide inguruan pitzatu da".
Alkateak adierazi duenez, igerilekua berriro hustu eta Eidi enpresari egoera aztertu eta ezustekoa konpontzeko kontratua egin zaio. Aste honetan enpresa probak egin eta "zuloa" konpondua dagoela ziurtatu ostean, udal igerilekuaren zerbitzua berreskuratzeko pausoak aipatu ditu: "Gaur igerilekua berriro betetzen hasi dira. Gero ura berotu eta tratamenduak egin behar dira. Dena ongi bidean, hilabete amaierarako agian ireki ahal izango dugu. Ezin dugu datarik zehaztu".
Era berean, sabai aizunaren lanak estalkia isolatzeko ere baliatu dituztela jakitera eman du alkateak.
Ikastaroak eta abonoak
Goizalde Pildain kirol zinegotziak administratiboki egoera horrek sortu duen anabasa ere azaldu du: "Igerilekua martxan jarriko zela uste genuen eta ikastaroen izena ematea eta 2025 urteko abonamenduen itzultzearekin hasiak ginen, baina itoginak guztia bertan behera uztea ekarri du baita eginak genituen itzulpenak baliogabetu ere".
Itzulpenen harira, zinegotziak zera zehaztu du: "Helbideratutako ordainketak dituztenek automatikoki jasoko dute itzulketa. Banku-helbideratzea ez dutenek kiroldegian edo udal erregistroan eman beharko dute beren kontu zenbakia, itzulketa kudeatu ahal izateko. Zuzenean egin ahalko zela uste genuen baina ez da horrela".
Honakoak dira itzulpenak:
- Ikastaroak: diruaren %100 itzuliko da egin ezin izan direnean.
- Abonuak: itzulketa gozatu gabeko denboraren proportziozkoa izango da, kontuan izanik igerilekua kirol instalazioen abonuan sartzen diren zerbitzu guztien %30 inguru dela.
Eta instalazioa ireki ondoren, benetako erabilera hilabeteak bakarrik kobratuko direla ere aurreratu du: "Ez da urte osoa ordainduko, baizik eta ekitaldiaren amaierara arte geratzen den denbora".
Alkateak gehitu duenez, igerilekukoaren itxiera administratiboki epe zailenean izan da: "2025 urteko ekitaldia ixtear zegoela eta urte berriko abonamenduak eta ikastaro berriak kudeatu behar zirela. Horregatik egoera konpondu bitartean 2026a ez kobratzea erabaki genuen".
Erabaki horren ondorioz herriko erabiltzaileek Urnieta edo Andoaingo instalazioetan zailtasunak izan dituztela jakitun direla aipatu du Goizaldek: "Abonoa ordaindua ez dagoenez, txartel guztiak ez dira aktibatu. Baina dei bat eginez, izan diren arazoak konpondu dira". Hori dela eta, Lasarte-Oriako herritarrak hartzeagatik eskerrak eman dizkie udalerri horietako kirol zerbitzuei.
Era berean, igerilekuko gorabeherari irtenbidea emateko Hirigintza eta Kirol arloen arteko koordinazioa eta udal langileen ahalegina azpimarratu dute alkate zein kirol zinegotziak.