Horrez gain, Emaktiva Gipuzkoak 107 lan eskaintza kudeatu ditu guztira; hamarretik sei pasatxo (% 64) proiektu horrekin hitzarmenen bat sinatuta duten enpresekin izan direla jakinarazi dute. "Gero eta gehiagok adierazten digute emakumeak laneratzen laguntzeko prest daudela eta pertsona horiekin, gizartearekin zein iraunkortasunarekin konprometitutako gizarte proiektu baten parte izatea bilatzen dutela". Hori horrela, joan den urtean lana bilatzeko zailtasun egoeran zeuden 58 emakume kontratatu zituzten.
Egoera horretan dauden emakumeekin lanean ari dira aurten ere, besteak beste, euren trebetasunak hobetzeko. Hilaren 24tik maiatzaren 12ra arte, esate baterako, "banakako laguntza eta ahalduntze digitala" jorratuko dituzte eta enpresetako kideak ere bertaratuko dira, etorkizunean euren langile bihur daitezkeenekin harremana izateko. Horrez gain, mendeko pertsonei gizarte erakundeetan arreta soziosanitarioa emateko ikastaroa egingo dute; parte hartzaileek aukera izango dute 2. profesionaltasun ziurtagiria eskuratzeko. Doakoa da formakuntza: 450 prestakuntza ordu, 80 praktika ordu eta enplegagarritasuna hobetzeko 50 ordu.
Hamar urte, mila emakume
2016. urteaz geroztik mila emakumek baino gehiagok parte hartu dute Emaktiva egitasmoan eta herenek kualifikazioa lortu dute. Halaber, mila partaideren kontratuak formalizatu dituzte eta 1.100 eskaintza kudeatu dituzte.
Programa hori eragile, erakunde eta entitate hauen guztien artean garatzen dute: Europar Batasuna, Euskadiko FSE+ 2021-2027 ekimena, Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako nahiz Arabako foru aldundiak, Bilbao Ekintza, Donostiako Sustapena, Enkarterriko Mankomunitatea eta Rural Kutxa.