Alex Saleta herritarrak, bi entsegu lehoien garaipenean

Txintxarri Aldizkaria 2026ko otsailaren 17a

Alex Saleta herritarra, suitzarrekin borrokan. Arg.: Rugby Europe.

Alex Saleta herritarra Europako txapelketako bigarren jardunaldian Espainiako Selekzioko hamabostekoan jokatu zen Suitzaren aurka. Valladoliden (Gaztela eta Leon) jokatutako lehian herritarrak bi entsegu egin zituen eta lehoiek 53-14 irabazi zuten neurketa.

Partida hasieratik berdintasuna izan zen nagusi. Suitza aurreratu zen markagailuan bitan eta etxekoek berdinketa eskuratu zuten, baita errenta txiki bat ere; atsedenaldian 21-14koa zen emaitza.

Bigarren zatia bestelakoa izan zen, ordea; gorri-horiak nagusi izan ziren zelaian. Erasoan bikain aritu ziren; 32 puntu egin zituzten eta horietako hamar Alex Saleta herritarrak egindako bi entseguak izan ziren. Defentsan ere tinko eutsi zioten eta ez zieten suitzarrei entsegu markara iristen utzi.

Horri esker, multzoko fasean bi garaipen erdietsi dituzte lehoiek eta Georgiarekin batera final erdietarako sailkatu dira. Euren antzera leloek (horrela da ezaguna taldea) ez dute partidarik galdu eta beraz, azken saioan bien arteko lehia interesgarria izango da multzoko lehen sailkatua erabaki eta hurrengo faseko gurutzaketetan B multzoko bigarren sailkatuarekin borrokatzeko.

Igoera, jokoan

Bestalde, Gipuzkoa Sortzen proiektuko Ohorezko B mailako taldeak liga erregularreko azken jardunaldian RC Santander garaitu zuen Astin.

Beltzak nagusi izan ziren kantabriarren aurkako lehian, 53-0 eta igoera lehiatzeko sailkatu dira. Joanes Arroyo Beltzak RTko kidea hamabostekoan izan zen.

Ligan hamalau neurketatik hamabitan garaipena erdietsi du Gipuzkoa Sortzenek eta batutako 55 puntuei esker, A multzoko bigarren izan da. Lehen postuan Steelphalt Getxo Rugby sailkatu da; ez du partidarik galdu ligan. 

Bi ekipoek igoera fasea jokatuko dute martxotik aurrera eta CR Alcala, VPC Andorra Rugby XV, Hermo Soto Del Real, Club Natacio Poble Nou, Cau Rugby Valencia eta CAR Sevillaren aurka neurtuko dituzte indarrak. Azken hori izango da Gipuzkoa Sortzenen lehen aurkaria.

Puntuak, etxean

Inauteriak izanagatik ere, errugbi goiza izan zen Atsobakar kirol gunean hilaren 14an. 

Euskal Ligako I. Mailako taldeak 19na berdindu zuen Durangoko Hirumet RTrekin; Julen Espinosa herritarrak bi entsegu egin zituen.

Eta lehenik, 18 urtez azpiko Zarautz Beltzak Eibar RTko kideek Uribealdea garaitu zuten, 25-12; Lander Zabala herritarrak ere entsegua egin zuen.