Abiadura eta trebetasuna nagusi, Michelin kirol guneko kantxan

Txintxarri Aldizkaria 2026ko otsailaren 16a

Gurpil aulkiarekin zehaztasun eta trebetasun handia dutela erakutsi zuten hilaren 15ean Euskadiko Eslalom txapelketan parte hartu zuten kideek

Ostadar Inklusio eta Kemen taldeko hamahiru kidek abiadura ederrean egin zioten aurre Michelingo kirol guneko areto futbol kantxan ezarri zen zirkuituari. Leku estu batean gurpil aukiari itzulia eman, aldapa gora joan eta bihurgunearen ostean aldapa behera joan, eslaloma egin... ahal bezain azkarren burutu zuten bidea.

Nahiz eta giro aproposa ez izan, parte hartzaile, antolatzaile, senide eta ikusleek kantxa berotu zuten euren ahalegin eta animoekin. WS1A, WS2, WS4 eta WS5 mailatan lehiatu ziren eta Ostadar Inklusio taldeko kideek dominak jantzi zituzten.

Antolatzaileen arabera, txapelketaren bidez talde urdin-beltzeko inklusio sailak kirol egokitua sustatu nahi du, baita inklusioa eta berdintasuna ardatz izango dituen kirol eredu bat bultzatu ere. "Ekimen honen helburua da kirola pertsona guztientzat eskuragarriagoa egitea, gaitasun funtzional desberdinak dituzten pertsonen parte hartzea normalizatuz eta gizartean inklusioaren balioak indartuz," adierazi dute.

Boccian, lehian

Ostadar Inklusio taldeko kideek ez dute Eslalom txapelketa gehiagorik izango, baina beste modalitate bateko lehiak prestatzen egongo dira buru belarri, boccia. 

Izan ere, hainbat txapelketetan parte hartuko dute hurrengo asteetan. Hilaren 28an, Donostian Euskadiko Taldekako Txapelketa lehiatuko dute talde urdin-beltzeko hiru kidek. Martxoan, aldiz, bi ordezkari, Granadan (Andaluzia) izango dira Espainiako Espainiako Gazteentzako Banakako Txapelketan eta hilabete horren amaieran, Euskadiko Banakako Txapelketako finala izango da. Azken lehia horretarako oraingoz taldekide bakarra dago sailkatua, baina bigarren batek ere txartela eskuratzea espero du taldeak.