Antonio Mercero aretoan batu dira 1976. urteko otsailaren 16an Michelingo ehun eguneko greba bizi izan zuten zenbait langile. Horien artean lau eseri dira prentsaurrekoa emateko mahaian: Felix Artetxe, Felix Perez Carrasco, Maise Otaño eta Xabier Bobillo. Lehen hirurak erretiroa hartuta daude egun, baina duela 50 urteko mobilizazioan parte hartu zuten. Azkena, aldiz, egun Michelingo enpresa batzordeko kidea da.
Artetxek hartu du hitza agerraldiari hasiera emateko eta gainerako hiru hizlariak aurkeztearekin batera, garai hartako eta egungo egoeraren arteko alderaketa bat egin du. Kontatu du duela 50 urte 3.500 langile inguruk lan egiten zutela Lasarte-Oriako Michelin lantegian, eta egun, berriz, 500 baino gutxiago direla. Horrekin azaldu nahi izan du Lasarte-Oriak "izugarrizko menpekotasuna" zuela lantegiarekiko, eta aurrera eraman zuten greba hark "oihartzun eta ondorio oso handiak" izan zituela.
Hala, akordura ekarri du greba aurrera eraman zuteneko unea eta egoera "oso berezia" zela: "Franco hil zela artean ez ziren hiru hilabete eta diktadurak jarraitzen zuen. Beraz, askatasun demokratikoak eta lan eskubideak zapalduak zeuden".
Hori esanda, jakinarazi du orduko gertakizun hura gogorazi eta "borroka haren memoria historikoa berreskuratzeko" lan talde bat osatu dutela. Michelindik kanporatuak izandako edo greban parte hartu zuten gizon eta emakumeek osatzen dute talde hori, eta urteurrena baliatu nahi dute zenbait ekintza presatu eta horiek iragartzeko.
Ostean, Perez Carrascori eman dio hitza; grebaren garrantziaz eta testuinguruaz aritu da. Azaldu du "eskubide soziolaboralak eta oinarrizko askatasun demokratikoak, hots, biltzeko eta manifestatzeko eskubidea, grebarako eskubidea, eta aber ukatzen zizkien testuinguru politiko bati aurre egin behar izan zioten langileen belaunaldia oroitu eta omendu" asmo nahi dutela. Gaineratu du, marko "soziopolitiko errepresibo eta askatasunik gabeko" hartan, langile kopuruari dagokionez garai hartan Gipuzkoako lehenengo enpresa zen Michelin-Lasarteko langile gehienak "ahaldundu eta aurre egin" ziotela "borroka gogor eta luze" bati. Ez hori bakarrik; adierazi du "ekarpen garrantzitsuak" egin zizkietela garai hartako "langile borroken ereduei eta dinamikei".
Kohesio kolektiborako tresna
Michelinek ustiapen eta kontrol eredu "oso sofistikatua" garatzen zuela ere azaldu du Perez Carrascok: "Eredu horrek, halaber, langileen arteko desberdintasuna eta konfrontazioa bultzatzen zuen, haien potentzial kolektiboa neutralizatzeko modu gisa. Negoziazio kolektiborik ez zegoen eta pantomima negoziatzaileak egiten ziren erregimen frankistaren sindikalismo bertikala ezartzen zuen eredu antidemokratikoarekin. Sindikatuak "legez kanpokoak" ziren, eta patronalak nahiz sistemak langileen mugimenduaren antolakuntza- eta borroka-mekanismoak jazarri eta baldintzatzen zituzten".
Hori guztia kontuan hartuta, 1976. urteko otsailaren 16an greba abiatu zuten, "eztabaida, erabaki eta kohesio kolektiborako dinamika asanblearioa" tresna gisa erabilita. Gauzak horrela, gogorarazi du bilerak egiteko hainbat herritako elizak (eta bestelako zentroak) erabili zituzten arren, Guardia Zibilak jazarri edota hautsi egiten zituela batzar haiek. Honako adierazpenak egin ditu gero: "Mobilizazio ugari egin genituen Lasarte-Orian, Donostian, eta inguruko herrietan iritzi publiko eta arduradun politikoengan eragiteko. Horrez gain, Michelingo gainerako zentroekin elkartasun dinamika bat bultzatu genuen "Europako greba" bat eginez; ekintzak eta mobilizazioak koordinatu genituen borrokan zeuden beste enpresa batzuekin (Estanda Fundizioak, Silen...); Gasteizen martxoaren 3an izandako sarraskiari erantzuteko inplikatu ginen; erresistentzia ekonomikoko mekanismo berritzaileak bultzatu genituen (ondorengo erresistentzia-kutxen ernamuina) behar handiena zuten langileei laguntzeko". Horrekin guztiarekin batera, mugimendu aitzindari bat eman zen Michelingo emakume langileak eta enpresako langileen emazteak inplikatzeko eta mobilizatzeko.
Mobilizazio "gogor eta luzea"
Greba "gogorra" izan zela ere ez du ahaztu Perez Carrascok, ezta "kontraesan eta tentsio ugari" izan zituela. Baina, Berriz ere azpimarratu du,ordea, langileak ahaldundu zituen mobilizazioa izan zela: "Grebak aurrez- aurre jarri gintuen, enpresaren interesen defentsan, gure porrota bilatzen zuen sistema politiko baten kontra". Kontatu du ez zituztela helburu guztiak lortu, eta "beharrezko" greba izan zela: "Denok kolpatu gintuen borroka hark. Langile klaseko kide gisa harrotasuna eta duintasuna eman zigun".
Amaitzeko, nabarmendu du urteurrenarekin borroka hura eta haren protagonistak omendu nahi dituztela, baita gertatutakoa ezagutarazi ere.
Emakumeen bizipenak
Maise Otañok hartu du hitza jarrian, eta mobilizazio garai hartako emakumeen bizipenez mintzatu da: "Esango nuke ehun egunetako greba hartan emakumeak bereziki sentiberak izan zirela jazotzen ari zenarekiko eta haien borroka eredugarria izan zela". Kontatu du batzuk lantegiko langileak zirela, eta, beste batzuk, berriz, langileen emazteak edo senideak. Oroitarazi du grebaren lehen egunetik langileei zer-nolako babesa eman zieten; elikagaiak eta animoak ematera agertu ziren. Orduko Michelingo langile gisa hitz egin du berak. Ez hori bakarrik; enpresak kaleratu zuen hirugarren pertsona izan zen (lehenengoa Felix Perez Carrasco izan zen).
Mobilizazioaren lehen egunetako zenbait bizipen akordura ekarri ditu gero:"Goiz hartan, Guardia Zibilaren uniformerik gabeko piketeak agertu ziren enpresa atarian. Nortasun agiriak kendu zizkiguten". Perez Carrascorekin bat etorrita, berak ere esan du, greba "luze eta gogor" baten hasiera izan zela.
Batzarretan parte hartzeko eskaera
Otsailaren 20an, emakumeen bilera batean, lankideen asanbladetan parte hartzeko baimenaeskatu eta horrela elkartasuna adieraztea erabaki
zuten.Txalo artean hartu zituztela ez du ahaztu. Ondorioz, bileretan "modu autonomoan" parte hartzen zuten, "beste tailer bat izango balira bezala". Grebaren alde edo kontra ere bozkatzen zuten. Bozketa baten datuak mahaigaineratu ditu: "Martxoaren 23an, adibidez, 95 emakumek baiezkoaren aldeko botoa eman zioten grebari. Batek ezezkoa bozkatu zuen, eta hiru bozka, berriz, zuri izan ziren. Horrek Guardia Zibilaren errepresioa eta bestelako zigor eta jazarpen mota batzuk sufritu behar izatea eragin zien.
Gauzak horrela, grebarekin bat egin zuten emakumeen kopurua hazten joan zen; maiatzaren 6an, esaterako, mobilizazioak hirugarren hilabetea beteta, 172 emakumek bozkatu zuten grebaren alde.
Bestelako elkartasun moduak
Baina emakumearen parte hartzea bestelako elkartasun modu batzuk ere hartu zituen. Horri lotutako adibide batzuk kontatu ditu Otañok, horien artean ondokoa. Martxoaren 23an, adibidez, 45 emakume Donostiako Jesuiten elizan itxi ziren, ostiraletik larunbatera. Poliziak atera zituzten bertatik.
Maiatzaren 13an gertatutakoa ere ez du aipatu gabe utzi nahi izan. Orduko hartan, eguerdian, batzarra egin zuten Michelingo langileek. Bilera horren amaierak bat egin zuen lanean ari ziren langileen lan txandaren amaierarekin, eta une horretan, emakume talde batek pasillo bat egin zuen lanetik irtetera zihoazenak bertatik igaro zitezen. Guardia Zibilak emakume horietako lau atxilotu zituen, eta hori gutxi balitz bezala, atxiloketa horien aurka egin zutenei oldartu zitzaien. Geroago beste emakume batzuk Guardia Zibilaren kuartelera joan ziren atxilotuen berri izan asmoz eta horien artetik beste lau preso hartu zituzten.
Mobilizazioak Lasarte-Orian
Zortzi horiek aske uzten ez zituztela ikusirik, egun bereko arratsaldean kontzentrazioa egin zuten Lasarte-Oriako kuartelaren aurrean: "Arratsaldeko 8etarako jende pilaketa handia osatu zen. Ia herri osoak parte hartu zuen; 3.000 pertsona baino gehiago batu ziren emakume haiek aske uzteko eskatzera joan zirenak.Guardia Zibilaren errefortzu ugari iritsi ziren Andoaindik eta Donostiatik".
Gauerdian Donostiako Guardia Zibilaren komandantziara eraman zituzten, eta hurrengo egunek eguerdira arte furgoi batean igaro zuten gaua: "Ordu horretan esan zuen epaile militar batek auzirik ez zegoela, eta orduan utzi zituzten aske".
Hitzartzea amaitzeko, esan du ezagutarazitako adibide horiek agerian uzten dutela emakumeak "funtsezko faktore" izan zirela elkartasunari dagokionez, eta errepresioak ez zuela lortu horiek beldurtzea.
Esandako guztiaren ondorio gisa, honako adierazpenak egin ditu: "Langileak elkartuta egon ziren, elkar babestu zuten eta borrokari eusten jakin zuten".
Michelingo egungo enpresa batzordeko kideak ere agerraldian izan dira. Egitura horretako kide Xabier Bobillok hitz egin du. Duela 50 urte aurrera eraman zuten borroka aitortu die.
Aurrera eramango dituzten ekintzak
Hauek izango dira urteurrena oroitarazteko aurrera eramango dituzten jarduerak:
- Erakusketa grafikoa
- Grebako kaleratu eta partaideen batzarrak
- Lasarte-Oriako institutuan gazteentzako hitzaldia
- Grebari buruzko hitzaldi-solasaldia
- Lagunarte eta omenaldi kolektiborako bazkaria.
Agerraldia amaitu aurretik, bi ohartarazpen egin ditu Artetxek. Batetik, deia luzatu die duela 50 urte Michelin lanean aritu zirenei edo kaleratuak izan zirenei ekimenarekin eta taldearekin bat egin dezaten. Bestetik, berriz, garai hartako edozein dokumentuak (argazkiak, eskuorriak, pegatinak edota prentsan argitaratutako informazio pieza) eskatu ditu: “Guztiz baliagarriak izango zaizkigu egin nahi dugun erakusketarako.
Taldearekin harremanetan jartzeko modua ere zein den argitu du; 100egunekogreba@gmail.com helbidera idatzi behar da.