Askotarikoak izan dira eurak ikusi eta entzutera joandako senide eta lagunei eskaini dizkieten kantuak. Perkusio jotzaileek hartu dute oholtza lehenik, eta horien atzetik piano jotzaileak aritu dira jendaurrean. Gitarra jotzen ederki ikasten ari direla ere erakutsi dute gero batzuek, eta haizezko instrumentuekin fin moldatu dira beste zenbait.
Askotariko doinu ezagunak entzun ahal izan ditu aretora bertaratu den publikoak, hala nola, Queen talde entzutetsuaren We are the champions, edo Beatles talde ezagunaren Ob La Di, Ob La Da.
Inauteri asteburuko egitaraua
Datozen egunotako Inauteri festaren aurrekaria izan da musika eskolako kideen emanaldia. Askotariko ekimenak iragarri dituzte astebururako. Badirudi eguraldiak baldintzatuko dituela egunez eguneko jarduerak, baina ziur lasarteoriatarren festarako grinak eta alaitasunak ez dutela hutsik egingo.
Jarraian duzue egunez eguneko programazioa:
Hilak 13, ostirala
- 16:45ean, Okendo plazan, ikasleentzako txokolate jana. Gaztetxoek emanaldia egingo dute aurretik, 15:00etan hasita.
- 17:30ean, Okendon, erromeria.
- 19:00etan, Okendon, Kaxkamalo txantxoa erretzea eta izakien eta herritarren arteko urtebeteko ituna berritzea.
Eguraldi txarra egiten badu, jarduera horiek Oriarte Landaberri institutuan egingo dituzte.
Hilak 14, larunbata
- 12:00etan, parte hartzaileen bilera eta hasierako ekitaldi berezia.
- 12:00etan, Oaintxe in deu! txarangako kideak kalejiran hasiko dira, Okendotik abiatuta.
- 12:30ean, konpartsen jaialdiaren hasiera, Okendon.
- 12:40ean, konpartsetako kideen aurkezpen koreografiak, Okendon. Horren ostean, mozorro herrikoien desfilea.
- 14:00etan, konpartsetako kideen bazkaria, Antonio Mercero gune ondoko karpan.
- 16:00etan, bazkalosteko Super Bingoa, karpan. Kuadrillategi egitasmoko gazteek egingo dute.
- 17:30ean, konpartsen desfilea, atzetik herritarrentzako furgoneta musikadunarekin. Konpartsak ailegatzen direnean Okendo plazara, mozorro lehiaketako sari guztiak banatuko dituzte.
- 20:00etan, Arranopola gazte txarangako kideak kalejiran hasiko dira, Okendotik abiatuta.
- 23:00etatik 02:00etara, disko jaia egingo dute karpan.
Eguraldi txarra egiten badu, Okendon iragarritako ekimenak karpara eramango dituzte.
Konpartsen desfileko ohiko ibilbidea hau da: Okendo, Kale Nagusia, Ola kalea, Zumaburu kalea, Kale Nagusia, Hipodromo Etorbidea eta Okendora itzulera. Eguraldi txarra egitekotan, desfileko ibilbidea laburtu egingo dute: Okendo, Kale Nagusia, Beko Kale, Elizatze plaza, Kale Nagusia, Hipodromo etorbidea eta Okendora itzulera.
Hilak 15, igandea
- 12:00etatik 13:30era, LOZET elkarteko erraldoi eta buruhandiak herrian barrena ibiliko dira, kalejiran, Oaintxe in deu! txarangako kideekin batera.
- 18:30ean, kontzertua emango du Ibai Berriak taldeak, Antonio Mercero gune alboko karpan.
Hilak 16, astelehena
- 11:00etatik 13:00etara eta 16:30etik 18:30era, haurrentzako parkea jarriko dute Isla plazan.
Eguraldi txarra egiten badu, Loidibarren pilotalekuan jarriko dute parkea.
Hilak 17, asteartea
- 18:00etan, sardina ehortzi eta erreko dute. Okendo plazatik abiatuko da hileta eta erdigunea zeharkatu ostean enparantza horretara itzuliko dira parte hartzaileak. Ostean, LOZETen zezensuzkoak ibiliko dira Kale Nagusian barrena.