"Emakume gisa zeharkatzen gaituzten gaiak lantzen ditugu"

Txintxarri Aldizkaria 2026ko otsailaren 13a

Argazkiak: Egoitz Zelaia

SAIOA GOMEZ TEJERIA - 'Frankopoleon. gureak egin din' antzezlanaren sortzailea

Euskal Herriko askotariko herritako oholtzetan erakutsiko dute herritarrak idatzitako antzezlana. Xehetasun asko aurreratu nahi gabe, obraren gainean mintzatu da TXINTXARRI-rekin

Euskarazko kultur sorkuntzak sustatzea helburu duen Geuretik Sortuak egitasmoaren barruan ondu du KulturArteCo. taldeak Frankopoleon. Gureak egin din antzezlana. Bertako kide da Saioa Gomez Tejeria herritarra (Lasarte-Oria 1983), eta obraren gidoia idazteaz gain, askotariko bestelako lanak egiteaz ere arduratu da. Ekhiñe Famoso Intxaurrandieta eta Inma Koioterekin batera, jendaurreko aktore lanetan ere ikusiko dute ikus-entzuleek. Hilaren 1ean Usurbilen aurrera eramandako emanaldiaren ostean elkartu da TXINTXARRI aldizkaria sortzailearekin elkarrizketa hau prestatzeko. Bertan egoteko aukera izan zuen elkarrizketa hau idatzi duen kazetariak, eta berak eta sortzaileak elkarri hitz eman diote spoiler handiegirik ez egiten ahaleginduko direla, merezi baitu obra aurrez aurre ikusi eta norberak bere gogoetak egitea. 

Geuretik Sortuak ekimenari esker oholtzaratu duzue 'Frankopoleon. Gureak egin din'. 

Azken momentuan aurkeztu genuen gure proposamena egitasmo horretara. Bat-bateko bulkada baten ondorioz, azkenengo unean. Ekhiñek [Ekhiñe Famoso Intxaurrandieta] galdetu zidan ea animatuko ote nintzen; zalantza izan nuen hasieran, baina animatzea deliberatu nuen. Aurkeztu genuen hasierako planteamendu hura barru-barrutik ateratakoa izan zen. Bada, horixe, Euskal identitatea edo identitateei buruz hitz egin nahi genuen, zerk egiten gaituen euskaldun. Begiradak, ordea, kulturartekoa izatea nahi genuen, asko zaindu genuen hori. Aurkeztu genuena gustatu zitzaien eta beka eman ziguten. 

Zein aukera ematen ditu dirulaguntza horrek?

Hori jaso eta urtebete daukazu lana osorik ontzeko. Beka horrek ona daukana da egonaldi bat egiteko aukera ematen dizula. Udalbiltzan dauden herriek, hala nahi dutenek, egitasmoarekin bat egiten dute. Gauzak horrela, guri Plentzia egokitu zitzaigun paraldia egiteko. Hiru astekoa izan zen; udan egin genituen bi eta abendurako utzi genuen hirugarrena. Hori aurrera eraman aurretik, ordea, Plentziako alkatearekin, kultura zinegotziarekin eta Udalbiltzako kultur teknikariekin bilera egin genuen. Aipatu genien herrian zer gai landu nahi genituen eta elkarrizketatu nahi genituen herritarren profila zehaztu genien. Izan ere, Geuretik Sortuak ekimenean sortzaileok herriari zerbait eskaini behar diogu baina herriak sortzaileoi ere zerbait eskaini behar digu. Saretzeko aukera paregabea eskaintzen duen proiektua da: herritik eta herriarentzat sortutakoa.

Beraz, zuek zer eskaini zenioten Plentziari? Eta herriak zuei?

Egonaldian tailerrak eta solasaldiak egin genituen herritarrekin. Askotariko profiletako jendearekin aurrera eraman genituen saio horiek, lanketa kulturartekotasunetik egin nahi genuelako. Belaunaldi desberdinetako jendea zegoen, askotariko bizipenak izandakoak eta hainbat kolektiboetakoak. Luxua izan zen hori guztia; guk landu nahi genituen gaiei buruz hausnartzeko aukera paregabea izan zen. Guk euskal identitateez pluralean hitz egiten dugu, euskal identitatea azken finean anitza izan daitekeelako, eta zapalkuntzak ere askotarikoak. Garbi genuen, zapalkuntzak salatu gabe, ezin geniola kulturartekotasun begiradari heldu. Oso aberasgarriak izan ziren saio haiek; grabatu egin genituen herritarren testigantzak eta antzerkia gorpuzteko baliagarriak izan dira horiek guztiak. Benetan esanguratsua egin zitzaidan, adibidez, lodifobiak zenbateraino zeharkatzen gaituen. Tailerretan partaideei galdetu genien ea sekula lodi sentiarazi izan dituzten. Denek baietz erantzun zuten, den-denek. Horrekin ohartu gara zenbateraino garen lodifoboak eta zenbateraino jasaten dugun hori gure gorputzetan.

 

"Kontatu nahi genuen guztia gorpuzteko propio pentsatuak daude pertsonaiak"

 

Aipatzen dituzun lekukotza horiek dira oholtza gaineko antzezlana hasi aurretik ikus-entzuleek bozgorailuetatik entzun ditzaketenak?

Hori da, hasieran entzuten direnak, bai. Obran sartu nahi genituen, eta pentsatu genuen preludio gisa, publikoaren arreta hor kokatzeko egokia izan zitekeela.

Eta azkenean, landu nahi zenituzten gaiak ardatz hartuta, distopia bat oholtzaratu duzue.

Hasieran, ur handitan sartu izanaren sentsazioa izan genuen, eta horregatik, azkenean erabaki genuen distopia bat sortzea zapalkuntzen gaiei helduta, identitateaz ezin baitugu hitz egin zapalkuntzez mintzatu gabe. Gure helburua bistarazten ditugun zapalkuntza horiez hausnarraraztea da, umoretik baina pentsaraztea. Badaude barre egiteko momentuak, baita gogoetarako une potenteak ere.

Zeri buruz hausnartzea nahi duzue?

Bada, egunero-egunero bizitzen ditugun askotariko zapalkuntzez: lodifobiaz, arrazakeriaz, heteropatriarkatuaz, hizkuntzaren zapalkuntzaz … Botere harremanez, finean.

Lana kulturartekotasunaren begiradatik ontzea ezinbestekoa izan da zuretzat. 

Gu emakumeak gara eta zapalkuntzak jasaten ditugu, baina era berean, zuriak gara eta pribilegioak ditugu. Antzezlanean emakume bezala zeharkatzen gaituzten gaiak lantzen ditugu, baina arrazakeria ere salatu nahi izan dugu. Amelia Barquinek esaten du denok garela heteropatriarkatuaren seme-alabak edo umeak, genero ez bitarrean, baina kolonialismoarenak ere bagarela esango nuke nik. Horri dagokionez, gai hori ere ironiatik landu dugu, baina hausnartzeko bide ematen du; zenbateraino garen arrazistak jabetzeko balio du.

 

"Antzezlanean emakume bezala zeharkatzen gaituzten gaiak lantzen ditugu"

 

Hasi eta buka, zenbat denborako prozesua izan da 'Frankopoleon' sortzearena?

Urtebete eskasekoa.

Eta antzerki obra bat sortzeak bere gain dakartzan lan guztien artean, zein izan da mardulena?

Gidoia idaztearen zeregina nik egin dut, eta hori izan da prozesu luzeena eta zailena. Hasi eta buka, antzezlan bat hutsetik sortu behar izan dugu. Sekulako lana izan da, baina merezi izan du. Sormen prozesu guztia gure gain hartzeak, prozesuaren amaierara heldu arte, aktore lanetan ezin zentratu izana ekarri digu. Dena den, dudarik gabe, esperientzia biribila izan da.

Aipatu diguzu euskal identitateek jasaten dituzten zapalkuntza bat baino gehiago bistarazi nahi izan dituzuela antzezlanaren bitartez. Izenburua ere nahiko esanguratsua da zentzu horretan.

Pentsa, Franko eta Napoleon, Espainia eta Frantzia, espainola eta frantsesa, egunero euskara zapaltzen duten bi hizkuntza nagusiak. Antzezlanaren une batzuetan entzun daitezke bi hizkuntza horiek, antzezlana hasi orduko, esaterako. Geuretik Sortuak egitasmoaren barruan lan bat horrela hastea...

 

Argazkiak: Egoitz Zelaia

 

Euskara aipatu duzu. Eszenatokian darabilzuen euskara zaintzeari ere eman diozu berebiziko garrantzia.

Bai. Euskaraz bizi gara, euskaldunak gara eta guk oso argi genuen euskaldun izatea zer den: guretzat oso argi dago zerk egiten gaituen euskaldun. Baina ikus-entzuleek hortaz ere gogoeta egitea ere nahi genuen. Egañak [Andoni, bertsolaria] esaten du euskara bildua erabili behar dela elkar uler dezagun. Bada, Euskal Herri osora iritsi nahi badugu, erabili behar dugun euskarak batua edo bildua behintzat izan behar du. Hori horrela, obra batuan idatzita dago ia oso-osorik, eszena bat izan ezik: amonarena. Horretan, nik nire amonari aitortza egin nahi nion eta berak erabiltzen zituen hitzak-eta sartu ditut. Egiari zor, beste hausnarketa bat ere egin dugu euskara batuari dagokionez: orokorrean, oso hegozentristak gara. Hegozentristak h-rekin, hau da, hegoalde-zentristak. Protagonista erdialdeko batuan ari da, erdialdeko euskalkiko lexikoarekin. Antagonistak, ordea, batua darabilen arren, mendebaldeko goi nafarrera eta lapurteraren lexikotik edaten du. Horrekin Egoitz Zelaia hendaiarrak lagundu digu. Nik beti egin izan dut euskalkien erabileraren aldeko defentsa.

 

"Gidoia idaztearen zeregina nik egin dut, eta hori izan da prozesu luzeena eta zailena"

 

Euskaraz aritzeko zenbait manera entzun daitezke.

Testuak hori dena erakusten du. Euskara, aditzari dagokionez, hain aberatsa denez, tratamendu desberdinak baliatu ditugu pertsonaien arteko botere harremanak islatzeko. Esate baterako, berorika tratamendua erabili ohi dute boterean daudenei hitz egiteko. Zuka ere erabiltzen dute, baita hika ere. Tokaren [gizonezkoek elkarri hika egiteko dagokien era] eta nokaren [emakumezkoek elkarri hika egiteko dagokien forma] erabilerak, gainera, ezberdindu ditugu. Toka erabiltzen duten pertsonaiak [Josu Jon Illunbe eta Aberastegi] arrazistak, kapitalistak eta falokratak diren Euskal Oligarkiako bi matxirulo nazkagarri dira. Euskaldunak dira, baina zapaltzaileak. Parodia denez, umorea darabilgu. Noka egiten dutenen artean, berriz, beste harreman bat suma daiteke. Protagonistak [Ana] eta antagonistak [Noelle] elkarri hitz egiteko erabiltzen dute; istorio eta erlazio berezia daukate. Niretzat noka ere berezia da. Egiten dudan pertsonekin harreman bereziki polita dut.

Oholtza gainean pertsonaia asko, eta askotariko ezaugarrietakoak.

Bai, kontatu nahi genuen guztia gorpuzteko propio pentsatuak. Pertsonaiak sortzerakoan ahalik eta xehetasun gehienak lotu nahi izan ditugu: pertsonaien izen-abizenak (edo haien falta), agertzen duten jarrera, darabilten hizkera, jantzita daramatzaten arropak eta horien koloreak, e.a.

Antzerkiak aurrera egin ahala, bat-batean irrati esatari ezagun batzuen ahotsa entzungo du publikoak. Lasarteoriatarrei aski ezaguna egingo zaie ziurrenik horien artean bereziki bat.

Noski, Maider Segurolarena. Laguntza eskatu nion lehen unetik baiezkoa eman zidan; gidoia idazten ari nintzela izan zen. Lan ederra egin du.

Ez da, ordea, 'Frankopoleon'-en kolaboratu duen herritar bakarra izan.

Ez. Mikel Sanchez herritarrak ere sekulako laguntza eman dit. Biok musika talde berean jotakoak gara, lagun mina da eta orain BAMMS-eko musikaria da bera. Orain dela urte asko talde bereko kide izan ginen, Lasarte-Oriako taldea zen: Lili and The Tomboys. Gitarra jotzailea zen bera, eta, beno, kristoren laguntasuna egin genuen. Berari ere proposamena egin nionean segituan eman zidan baiezkoa. Izugarri lagundu dit, egia esan. Obra sentsoriala egin nahi izan dugu, atrezzo aldetik minimalista, baina argiak eta soinuak garrantzia eduki zezaten nahi genuen. Soinua eta musikari dagokionez, Mikelek sekulako lana egin du. Doakiola, beraz, berari ere merezitako aitortza hemendik.

 

"Badaude barre egiteko momentuak, baita gogoetarako une potenteak ere"

 

Eta behin bi ezkero, hirugarrena ere seguru. Halako batean, beste ezusteko bat oholtza gainean: Gartxot eta Aroa Lasa Letona. Azken hori ere lasarteoriatarra.

Bai, eta lagun mina. Berak koreografia prestatu du. Gainera, Usurbilgo emanaldian zuzenean jo zuten eta hemendik aurrerakoetan ere, ahal dutenetan, gurekin izango dira. Gartxot orain ari da bere disko berria (Bizirik gaude) aurkezten, eta beraz, ezin izango du askotan azaldu.

Bi artista horien agerraldiaz ere ez dugu datu askorik aurreratuko, baina zer nolako momentua Euskal Kantugintza Tradizionaleko abesti bat espainolez abesten dutenekoa.

Ikaragarria da, ikaragarria. Horrekin ere jendeak hausnartzea nahi dugu: nora ote goazen, denak balio ote duen. Gaur egun zenbaitzuk uste dute erderaz eginda, eta tartean bi hitz euskaraz sartuaz, euskaraz ari direla. Beren agerraldiak horri buruz ere hausnartzeko balio izatea nahi dugu.

Areto batean egin duzuen lehen emanaldia Usurbilgoa izan da [hilaren 1ean]. Nola joan zen?

Plentzian egin genuen estreinaldia eta oso berezia izan zen. Tailerretan eta solasaldietan parte hartu zutenak bertan egon ziren. Kristoren feedback-a eman ziguten. Egonaldietan zehar lagunak egin genituen, adibidez, jatetxe berean jaten genuen beti eta jendaurreko lehen emanaldi hartara joan ziren jatetxeko langileak-eta. Hunkigarria izan zen. Erdi malkotan. Oso-oso polita izan zen Plentziakoa. Herri horrek, ordea, ez dauka areto-aretorik. Kultur jarduerak aurrera eramateko kultur-etxea erabiltzen dute, baina oso txikia da eta ez da egokia antzerkirako; gauzak horrela, gaztetxean egin genuen estreinako emanaldi hura.

Bertakoek harrera bikaina egin ziguten. Hasieratik ateak ireki zizkiguten, eta azkenean, zerbait txukuna egin genuen. Ikaztegietan egin genuen bigarren emanaldia, eta bertakoek ere eskuzabal hartu gintuzten. Dena den, Usurbil izan da areto- aretoko gure estreinaldia, baldintza onenekin, hots, gure obrak eskatzen duen soinuarekin, argiztapenarekin... eta zoragarria izan da. Etxean nengoen; horrekin dena esana dago.

DATOZEN EMANALDIAK:
Otsailak
 22: Etxarri-Aranatz.
Otsailak 27: Astigarraga.
Martxoak 6: Atharratze.
Martxoak 14: Araitz.
Martxoak 15: Ziortza-Bolibar
Maiatza 23: Amoroto.
Azaroak 8: Oiartzun.
*Emanaldi horiek Geuretik Sortuak egitasmoak lotutakoak dira. Horiez gain izango dira gehiago.