Benjamin kategorirako jaialdiak eman zion hasiera Lazkaoko igerilekuko arratsaldeko jardunaldiari. Igeriketa taldeko 24 haur izan ziren lehian eta 50 m., 100 m. edo 200 m. bular estiloko probei egin zieten aurre; adinaren arabera, horieko batean edo bitan igeri egin zutelarik. Horrez gain, tximeleta hanken errelebu batean ere parte hartu zuten guztiek adin, genero edo taldeak nahastuta eta 2025 urteko gazteek, tximeleta estiloko 4x50 m. proba ere egin zuten.
Ostean, alebin ligaren txanda izan zen. Lehiakide guztien artean, Buruntzaldea IKTko Urko Azpiazu eta Nora Becerra izan ziren lehian. Azpiazuk 100 m. bizkar eta 50 m. libre saioak egin zituen eta bietan bere markak ondu zituen; Becerrak, aldiz, tximeleta zein estilo libreko 50 m. probetan izan zen igerian eta bigarrenean marka hobetu zuen.
Buruntzaldea IKTKo prestatzaileak pozik daude gazteek saioetan izandako jardunarengatik. Benjaminen kasuan, emaitzak baino arautegiaren inguruko ezagutza barneratu eta estiloen irakaskuntza garatzea garrantzitsuagoa dela azpimarratu dute taldeko arduradunek. Horregatik, bular estiloa fintzeko lan egingo dutela adierazi dute: "bular estiloko kooordinazioa eta teknika ez dira errazak eta oraindik estiloa lantzen jarraitu behar dugu".
Alebinei dagokionez, lanari esker hobekuntzak ikusten ari direla jakitera eman dute eta hurrengo saioetarako prestakuntzak igerilariei asko lagunduko diela ere gaineratu dute.
Bai alebin, baita benjaminek ere martxoaren 7an izango dute hurrengo hitzordua, Tolosan.
