Valdiviak eta Elicecheak testuinguruan jarri zuten lanaren muina: "Askotan, amaren minaz gehiago hitz egiten da, baina aitaren oinazea ere sufrimendu sakonaren isla da eta aitortua izatea merezi du". Adierazi zuten ikus-entzunezko horrek ez duela "erantzun errazik" eman nahi "Entzutera, laguntzera eta guraso bakoitzak bere dolua modu bakarrean bizitzen duela ulertzera gonbidatzen gaitu". Lau aitaren (Anakotz Lasarte, Fernando Alonso, Igor Aldazabal eta Mikel Perez) "benetako testigantzen" bidez "maitasunaren, absentziaren, erruaren, amorruaren, isiltasunaren eta berreraikuntzaren nahiz itxaropenaren istorioak" ezagutu zituzten ikus-entzuleek.
Bi helburu "garrantzitsu"
Kultur etxera joandakoak ukitu eta hunkitu zituen emanaldiaren ostean igo ziren arestian aipatutako hiru protagonistak oholtza gainera, txalo artean.
Lasartek hartu zuen hitza eta azaldu zuen bi helburu "garrantzitsu" dituela dokumentalak: "Batetik, aita garenon dolurako eskubidea plaratzea eta erakustea sentimenduek eta generoek ez dutela generorik; bestetik, dolu prozesuen bueltan dauden pertsona guztiei esperantzarako mezua ematea, adieraztea posible dela aurrera jarraitzea".
Doluan laguntzeko espezializatuta dagoen Bidegin elkarteko kide Izaskun Andonegik honela definitu zuen Aitatxo: "Maitasun askorekin egindako poesia dela iruditzen zait, prozesua horren bidez igarotzea eta lantzea". Hori jorratzeko espazio garrantzitsuena "komunitatea" dela gehitu zuen adituak.
Azkenik, emanaldiaren egunean bizitako anekdota baten bidez esplikatu zuen Nerea Marin medikuak lan egin bitartean nabaritu duen bilakaera: "Ospitalean barrena nindoala gizon bat etorri da nigana: 'Nerea' esan, besarkatu eta negarrez hasi da. Duela urtebete dolu prozesuari ekin dion aita bat zen. Nire ikuspuntutik asko aldatu dira gauzak, duela hamar urte ez zutelako eskubiderik horrela espresatzeko".
"Gaur hona etorri garela, baliatu aukera eta egizkiguzue galderak". Horrela animatu zituen Andonegik ikus-entzuleak, mikrofonoa hartu eta ordura arteko hitzartzea euren ekarpenekin aberasteko. Bat baino gehiago animatu zen gogoetak partekatzera, baita dokumentalaren bidez egindako lana eskertzera ere.