Osasun politikak eta zaintza udaletatik ere landu daitezkeelako

Txintxarri Aldizkaria 2026ko otsailaren 9a

Herritarren jakin-mina piztu zuen Lasarte-Oriako EH Bilduk antolatutako solasaldia. Argazkia: EH Bildu L-O.

Gaur egungo gizartean puri-purian dagoen gaietako bat da osasunarena. Herritarren kezka partekatzen dute EH Bildu alderdiko kideek eta udaletatik esparru horretan egin daitezkeenaz solastu dira zenbait ordezkari Antonio Mercero aretoan: alderdi horretako legebiltzarkide Rebeka Ubera; familia eta komunitateko mediku nahiz Andoaingo zinegotzi Larraitz Arriola; eta heziketa fisikoko lizentziatu eta Hernaniko jarduera fisiko zein kirol teknikari Esti Aldeiturriaga. Lasarte-Oriako udal taldeko kide Oihan Agirretxek moderatu du hitzaldia.

Hiru gonbidatuei hitza eman aurretik ekimena antolatu izana kontestuan jarri zuen Agirretxek. Gai "garrantzitsua" da EH Bilduko kideentzat, agerikoa delako osasungintzaren "egoera larria". Besteak beste, gogora ekarri zituen horren aurrean LOOPA Lasarte-Oria Osasun Publikoaren Alde plataformako kideek azken urteetan egindako mobilizazio ugariak. "Esate betarako, osasun zentroan zenbait unetan zazpi mediku falta izan dira eta egun batean profesional bakarra izan genuen". Hori azalduta, Lasarte-Oriaren osasun zerbitzuak "berdimentsionatzeko beharra" izan zuen hizpide, udalerriaren errealitatea soziodemografikoa zer-nolakoa den kontuan izanda.

Uberak esplikatu zuen nolakoa den osasun sistema publikoaren gaur egungo egera: "Gaixotasunean ardaztuta dago nagusiki, baina sistema publikoa oso zabala da eta erpin asko ditu". Eusko Jaurlaritzako Osasun sailak egin daitekeenaz harago, udalek konpetentziak badituztela adierazi zuen, baina askotan ez dutela jakiten horiekin zer egin. "Eta badugu zeregina, hori ez da kontua". Ajuria-Enearen jardunari zuzendu eta azken urteetako "jarrera aldaketari" erreparatu zion: "Aurreko legegintzaldian ukatu egin zuten Osakidetzaren egoera eta oraingoan osasun mahaia jarri dute martxan. Edonola ere, elkartasun falta egon da eta benetako neurri eraginkorrik ez dute hartu". Bidenabar, datu hau partekatu zuen Antonio Mercero aretora joandakoekin: "2008tik aurrenekoz, osasun arloaren pisua jaitsi dute aurrekontu proposamen osoarekiko, nahiz eta inoiz baino diru partida orokorra handiagoa izan". 

Osasuna eraikitzearen garrantzia

Arriolari berebizikoa iruditzen zaio "osasuna eraikitzea". Hori azaltzeko abiapuntutzat hartu du bere ogibidean gertatzen dena: "Komunitate ikuspegia alde batera uzten da askotan, errazena diagnostikoa egin eta tratamendua ematea baita, gaixotasunari soilik begiratuta". Gehitu du pertsonen osasunaren % 90ak ez duela zerikusirik Osakidetzarekin: portzentaje hori osatzen dute inguruneak, egoera sozioekonomikoak, ohitura osasungarriak izatea egunerokoan ala ez izatea, eta abar. Ildo horretatik, "oso garrantzitsutzat" jo du horiek denak zaintzea. Laburbilduz, guztia medikalizatzetik urruntzea, lehen arreta indartzea eta osasun nahiz gizarte zerbitzuak integratzea proposatu du. "Zerbitzuak egokitu behar ditugu pertsonetara; ez alderantziz".

Azkenik, osasun politikak eta zaintza udaletatik sustatzeko modu praktikoak aletu zituen Aldeiturriagak. Bi modu daude: batetik, zerbitzuen katalogoa osatzea, eta bestetik, aktibazio komunitarioa. Biak paraleloan jorratu behar dira herrietan: "Jarduera fisikoak eta kirolak daukaten altxorretako bat da komunitatea egiteko gaitasuna: herri bat aktiboa denean, osasuntsuagoa ere bada". Hiru adibide zehatz eman zituen: Hernaniko Jarduera fisiko eta kirol orientazio zerbitzua; udalerri horretako Burujabe ekimenaren baitan zaintzaileak zaintzeko abiatutako proiektua; eta Eskola Kirola. Azken hori baliabide "paregabea" iruditzen zaio herritarrek aktibazio kolektiboa susustatzeko. 

 

Ezker-eskuin: Agirretxe, Ubera, Arriola eta Aldeiturriaga. Argazkia: EH Bildu L-O.