Desokupazio enpresek ez dute harrera onik izango, Lasarte-Orian

Txintxarri Aldizkaria 2026ko otsailaren 7a

Lasarte-Oriako Ernai eragileko kideak udaletxe zaharraren aurrean

Desokupa enpresako zenbait kide izan dira herrian, aste honetan zehar. Horien aurkako jarrera erakusteko eta "faxistek herritik alde egiteko", Lasarte-Oriako Ernai eragileko kideek manifestazioa antolatu dute, ostiral arratsaldean, udaletxe zaharraren aurrean. 

Arratsaldeko zazpietan jarri dute hitzordua Lasarte-Oriako Ernai eragileko kideek. Udaletxe zaharraren frentean ipinita, hainbat herritar bildu dira. Desokupa faxistak Lasartetik kanpora leloa irakur zitekeen pankartean. "Ez Lasarten, ez inon" eta "Alde hemendik, utzi bakean". Testu bat leituz amaitu dute agerraldia. 

Duela hamarkada bat sortu omen zen Desokupa enpresa, estatu espainiarrean, eta duela gutxira arte, telebistaren eta sare sozialen bidez ailegatu da Euskal Herrira haren inguruko berirrik. Dena den, jakinarazi dute "errealitatea" ere bihurtzen ari dela gure herrian, azkenaldian, eta horixe bera berretsi da azken astean, bertako zenbait ordezkari izan direlako herrian. 

Lasarte-Orian azken egunotan gertatutakoari erreparatuta, aitortu dute "seme-alabak jatorri atzerritarreko emakume bat" kaleratzeko mehatxuak zabaldu dituela enpresa horrek. Inolako testuingururik gabe egin dutela, hots, kaleratzea sahiesteko eman daitezkeen irtenbideak zehaztu gabe. Hori dela-eta, euren arabera, argi utzi dute beraien asmoa: "Familia zaurgarrien edota jatorri atzerritarreko pertsonen aurkako eraso zuzena planteatzea, kasu honetan, etxebizitzaren arazoa baliatuz".  

Aintzat hartu dute desokupazio enpresa hauen agerpena ez dutela "testuinguru isolatuan" ulertzen; Ernaiko kideen ustez, "faxismoaren gorakadaren ondorio" dira. Mezu erreakzionarioekin eta LGTBIQ+ fobikoekin batera, nazio zapalduekiko gorrotoa eraiki da, estatuan, eta horrekin batera, okupazioaren aurkako "kanpaina politikoa eta mediatikoa" abian jarri dute eskuineko hainbat sektorek. Era berean, aipatu dute horrelako mugimendu faxistetk "alderdi instituzional batzuen eta gorputz polizialen babesa" izan ohi dutela. 

Agerpenak agerpen, mezu hau zabaldu nahi izan dute herrian Lasarte-Oriako kideek; ez erortzea haien diskurtso sinplistetan eta, batez ere, ez kontratatzea halako enpresarik, ez baitituzte "herritar langilearen printzipioak" defendatzen. Adierazi dute, gainera, "elite ekonomikoaren eta espekulatzailearen mesedetan" jarduten direla, maiz, gainera, "euren finantziazioarekin". 

Amaitzeko, azken boladan, faxisten presentzia areagotu den arren, udalerrian, defendatu dute faxistak ez direla ongi etorriak, ez Lasarte-Orian, ez Euskal Herrian, ezta munduko beste txokoetan ere. Hori horrela izanik, deia luzatu nahi izan diete edozein tokitako gazteei  gogoratzeko "borroka antifaxista intersekzionala" dela, eta denon "ardura" dela edonolako adierazpen faxistei aurre egitea.