Ostadar Boleiboleko Euskal Ligako taldeek batean bale, bestean kale

Txintxarri Aldizkaria 2026ko otsailaren 3a

Bost jardunaldi falta dituzte boleiboleko Euskal Ligako taldeek fase erregularrari amaiera emateko eta Ostadar SKTko bi taldeak euren kategoriako lehen postuetan dira. Urtarrilaren 31n, zaletuek kirolaz gozatzeko arratsaldea izan zuten Maialen Chourraut kiroldegian. Etxekoak gogoz borrokatu ziren, baina emaitza ezberdina izan zuten

II. mailako partida interesgarria izan zen lehenik. Ostadar eta Universidad de Navarra taldeek multzoko lehen postua zuten jokoan. Urdin-beltzak ederki jardun arren, nafarrek lortu zuten saria. 0-3 (21-26, 16-25 eta 21-25) irabazi zuten eta urdin-beltzetatik puntu batera jarri da Iruñeako taldea.

Jarraian, I. kategoriako partidan, Lekeitio Marierrota Boleibol Taldearen aurka lehiatu ziren Lasarte-Oriako ordezkariak. 

Etxekoek lehen jokoa 25-8 irabazi ostean, bizkaitarrek euren balio erakutsi eta bigarren seta 14-25 eskuratu zuten. Ondorioz, aurkariek hirugarren zatiari gogotsu ekin zioten. Urdin-beltzek ongi egin zieten aurre, ordea eta 26-24 irabazi zuten. Azken minutuetan ere etxekoak gailendu ziren, 25-18.

Garaipenari esker, sailkapeneko lehen postuan mantentzen da lehen taldea eta lau puntuko aldea du.

* Argazki galeriako irudiak I. mailako neurketarenak dira.