Piraten indarrak abordatu du herria

Txintxarri Aldizkaria 2026ko urtarrilaren 31

Aspanogi Gipuzkoako Haur Minbizidunen Guraso Elkartearen lana erakusteko eta ospatzeko, festa antolatu zuten, ostiral arratsaldean, elkarteak berak eta herriko hainbat eragilek; Ttakun Kultur Elkarteak eta Lasarte-Oriako Bizipoza Taldeak, hain zuzen. 

Itsasoan zehar nabegatzen dute piratek. Orotariko egoeretan aritzen dira, txarretan eta onetan. Egun eguzkitsuetan, ekaitz bortitzetan eta marea bizietan. Olatu handiekin beldurtu egiten dira, itsaso barearekin, aldiz, poztu. Minbizidun haurrak era berean bizi dute euren gaixoaldia. Ez dira superheroiak; aldi goibeletan tristetu egiten dira, eta argietan, alaitu. Dena den, ez zaie kemenik falta. Piraten indar hori beraiekin ekarri dutelarik, Aspanogi Gipuzkoako Haur Minbizidunen Guraso Elkartearen lana ikusarazteko festa eraman dute aurrera, ostiral arratsaldean. Antolatzaile lanetan bidelagun izan dituzte Ttakun Kultur Elkartea eta Lasarte-Oriako Bizipoza Taldea.

Hitzaldi batekin hasi da jaia. Aspanogiko gizarte langile Nekane Lekuona izan da hizlaria, Antonio Mercero aretoan. Entzuleak, berriz, Gazte Klubako umeak. Erne entzun dituzte haurrek Lekuonaren hitzak. Aspanogiko kideak elkartearen nondik norakoak azaldu dizkie, baita berak egiten duen lana deskribatu, ere. Era berean, minbiziaz hitz egin die: zer den, nola sortzen den, zer-nolako tratamendua jasotzen duten minbizidunek, eta abar. Mintzariak galdera mordoa egin dizkie, hizketaldian zehar, eta erantzuteko oso prest agertu dira Gazte Klubakoak. Arazo teknikoak dela-eta, ezin izan du transparentziaz osatutako aurkezpena pantaila handian proiektatu. Alabaina, ez da komunikaziorako problemik izan etxeko txikienen eta gizarte langilearen artean. 

Parekide izan du Lekuonak Laura Hueso. Izan ere, Huesoren haurrak leuzemia pairatu zuen, hiru urte zituelarik, eta egun, ez du eritasun hori. Bizitako esperientziatik mintza da Hueso. Hark amaitu du hitzaldia lagunen babesa aintzat hartuz, semea ospitalean zuelarik, hurkoen gertutasunak "asko" lagundu ziolako. Horren harira, gaixoei "marrazkiak" bidaltzeko gomendioa luzatu die Aspanogiko juntakidea ere badenak. 

Jarraian, manifestua irakurri dute Aspanogi Elkarteko hainbat kidek, Okendo plazan. Otsailaren 15a Nazioarteko Minbizidun Haurren Eguna izango dela adierazita, aurtengo leloa zein izango den jakinarazi dute: Etxean zaintzea eskubide bat da, etxeko zainketa aringarri pediatrikoen alde. Lemaren ildotik, Lekuonak hitz egin du gizarte langileak etxeko zaintzaren garrantziaz. Familiek eta haurrek 24 orduz ekipo on bat eskura izan behar dutela aldarrikatu du; hots, mediku, erizain, auxiliar, gizarte langile eta psikologoa, diagnostikoa jaso eta prozesu osoan zehar. Desoreka bat dago ez omen da ospitaleko zaintzan zentratu behar bakarrik. Hori dela-eta, etxeko zaintza balioan jarri nahi izan dute, haur minbiziaren elkarte diren aldetik.

Manifestua leituta, Otsoa ipuinaren txanda ailegatu da. Gazte Klubako umeen ahotsek irakurri dute Laura Huesok idatzitako kontakizuna. Horretarako, aurretiaz grabatutako audioa erabili dute. Bien bitartean, semearen egoeratik eratorritako liburuaren orriak erakutsi dituzte, bertaratutako publikoari. 

Amaitzeko, Eñaut Elorrietak abestutako Piraten Indarra kantarekin dantzan aritu dira Gazte Klubako kideak. Begirale zein haurren guraso edota aitona-amona, denek mugitu dute gorputza melodiaren erritmoari jarraituz. Okendo plaza eszenatoki handia bihurtuta, dantzaldia, eta ospakizuna, talde argazkiarekin itxi dute. 

 

 

Erlazionatuak