Lasarte-Oriako Udalak Empalabramiento programa aurkeztu du gaur goizean. Agerraldi prentsaurrekoan izan dira Agustin Valdivia alkatea, Gizarte Zerbitzuetako zinegotzi Lourdes Acevedo Beldarrain eta Berdintasun teknikari Izaskun Rodriguez Elkoro. Azpimarratu dute aipatu egitasmoa "interakzio sozialerako eta ahalduntze feministarako apustu estrategikoa" dela. Hala, proiektuaren gaineko xehetasunak eman aurretik, azaldu dute Gipuzkoako beste herri batzuetan "esperientzia positiboak" izan dituela.
Gaztelania ikasteko ikastaroa izanagatik, gainerako gisa horretako ikastaroengandik "ezberdina" dela nabarmendu dute arduradunek. Adierazi dute" ikuspegi feminista duen metodologia" erabiltzen duela. Horrez gain, kontatu dute material didaktikoak ez direla estandarrak, baizik eta "testuinguru soziala eta ikasleen eguneroko beharrak kontuan hartzera egokituak" daudela.
Helburu nagusia gramatikatik harago doala ere azaldu dute: "Eremu seguru eta konfiantzazkoa sortzea bilatzen da, non ikasleak ahaldundu ahal izango diren gaztelaniazko hitzen bidez, bigarren (edo hirugarren) hizkuntza gisa". Horrez gain, programaren bestelako xedeak zeintzuk diren ere argitu dute:
- Ahalduntze indibidual eta kolektiboa: Eskubide osoko herritar gisa, norberaren eskubide eta gaitasunen gaineko kontzientzia hartzea sustatzea.
- Gizarteratzea eta laneratzea: parte hartzaileei baliabideak eskuratzeko eta lan aukerak hobetzeko behar dituzten hizkuntza tresnak ematea.
- Kulturara hurbiltzea: Gazteleraz gain, euskarara "oinarrizko hurbilketa" eskaintzen du ikastaroak, lurraldeko errealitate kulturalean erabat integratzea bultzatuz.
Egutegia eta matrikula
Eskolak Sexuen Elkarbizitzarako Emakumearen Zentroan aurrera eramango dituzte. Astearte eta ostegunetan izango dira, 15:00etan hasi eta 17:00etan amaituta.
Lehen saioa otsailaren 3an izango dela ere iragarri dute, baita bertan parte hartzeko izena ematea beharrezkoa dela ere. Horretarako bi bide dituzte interesdunek. Aurrez aurre egin nahi duenak, Mirentxura joan beharko du. Inskripzioa sarean egitea nahiago duenak, berriz, ondoko esteka honetan egin beharko du: www.lasarte-oria.eus/empalabramiento. Horri dagokionez, ohartarazi dute izena emateko epea ikasturte osoan egongo dela martxan; ikasle berriak edozein unetan bat egin ahal izango dute egitasmoarekin, betiere taldea osatzeko kopurua bete arte.
Informazio gehiago behar duenak, ondoko telefono zenbakira dei dezake: 943-37 60 55.