Heldulekuak, ihesbideen ordez

Txintxarri Aldizkaria 2026ko urtarrilaren 30a

Okendo Zinema Taldeko kideek 'Ánimo' filmaren emanaldia egingo dute gaur, 20:00etatik aurrera, Manuel Lekuona Kultur Etxean. Sarrerek 6 euro balio dute.

Aitor da protagonista. Etsipenean harrapatuta dago, bizitza hondatzen ari dela dirudienean. Leire du ondoan eta ezin du saihestu denbora guztian beragatik kezkatuta egotea. Hurbiltzeko ahaleginak egin dituen arren, ez du lortzen laguntzeko aukera emango dion lotura sakon bat ezartzeko modua aurkitzea.

Alex Tello zuzendari andoaindarraren Ánimo pelikulan ezagunak nahiz ezezagunak diren aktoreek kolaboratu dute. Honako gai hauek jorratzen ditu: familia, homosexualitatea eta ikus-entzuleei ohikoak egingo zaizkien eguneroko beste kontu ugari. Gaur egungo gizartean kokatutako drama da, umore ukituak dituena.

Fitxa teknikoa

Zuzendaria: Alex Tello. Gidoia: Alex Tello. Argazkia: Juantxo Sardon. Musika: Xabier Zabala. Herrialdea: Euskal Herria (2025). Iraupena: 96 minutu. Generoa: Drama. Aktoreak: Telmo Irureta, Elena Irureta, Jose Ramon Soroiz, Aitziber Garmendia, Mikel Ibarguren, Amaia Ruiz de Galarreta, Natali Izagirre.