Emakumeen binakako txapelketako lehiak izango dira Lasarte-Orian

Txintxarri Aldizkaria 2026ko urtarrilaren 30a

Emakumeen Binakako txapelketako jardunaldiko aurkezpena. Arg.: Lasarte-Oriako Udala.

Lasarte-Oria Emakumezkoen Binakako txapelketako egoitzetako bat izango da aurten. Otsailaren 15en, jubenil eta elite mailako partidak izango dira Michelin kirol guneko pilotalekuan. Itsaso Iparragirre herritarra lehiatuko da jubenil mailako neurketan. Sarrera doakoa da. Jardunaldiaren aurkezpena egin zuten atzo Lasarte-Oriako Udalean

Michelin kirol guneko pilotalekuak lehenengoz Emakumeen eskuz binakako txapelketa nagusiko jardunaldia hartuko du otsailaren 15ean, eguerdian eta Itsaso Iparragirre herritarrak parte hartuko du horretan. Horretaz gain, ligaxkako azken jardunaldietako bat izanik, finalerdietarako sailkapena lortzeko lehia garrantzitsua ere izango da elite mailan.

Iparragirrek saioko lehen neurketa jokatuko du Izar Etxezarretarekin batera; June Zabala eta Intza Arruti izango dituzte aurrez aurre.

Elite kategorian, lehenik jokalari esanguratsuak izango dira kantxan; 2024ko banakako txapeldun Goiuri Zabaletak eta bost alditan binakako txapeldun izan den Olatz Arrizabalagak neurtuko dituzte indarrak. Zabaletak Nahia Bertiz izango du kide eta Arrizagalak, aldiz, Arrate Bergara. 

Eta bigarren partidan, finalerdietarako txartela eskuratzeko puntuak izango dituzte jokoan Ainhoa Ruiz de Infante - Nora Mendizabaleta Madalen Etxegarai - Andrea Capellan bikoteek.

Jardunaldiko kartela honakoa da:

 

Emakumeen kirola ikustarazi

Aurkezpenean Itsaso Iparragirre pilotaria, Emakume Maste Cupeko ordezkaria, Goizalde Pildain kirol zinegotzia eta Agustin Valdivia alkatea izan ziren.

Pildainek agerraldian azaldu modura, "jardunaldi hau antolatzeak Kirol Arloak legegintzaldi honetan ezarri duen lehentasunezko helburuetako bati erantzuten dio: emakumeen kirola ikusarazten duten eta emakumeen eta nesken parte-hartze handiagoa bultzatzen duten kirol-modalitateak bultzatzea".

Ekitaldi honek “lehen mailako emakumezkoen lehiaketak herritarrei hurbiltzeak bere presentzia normalizatzen eta kirol erreferente berriak sortzen laguntzen duela” azpimarratu du Agustin Valdivia alkateak, baita “Lasarte-Oriak kirol eredu inklusiboago eta anitzago batekiko duen konpromisoa indartzen duela" ere.

Lasarte-Oriako udaleko ordezkariek eta antolatzaileek herritarrak gonbidatzen dituzte Itsaso Iparragirre herritarra animatu ete emakumezkoen pilotaz gozatzera.