ESKUALDEA

Usurbilgo osasun zentroan pediatra ordezkatzeko eskaera

Usurbilen Pediatra Orain 2026ko urtarrilaren 29a

Usurbilgo osasun zentroaren ataria. Argazkia: 'Noaua' aldizkaria.

Usurbilen Pediatra Orain eragileko kideek honako eskutitz hau bidali du TXINTXARRI aldizkariaren erredakziora, erreklamatzen dutenak "dagokion oihartzuna" izan dezan. "Osakidetzari eta arduradun publikoei eskakizun argia egiten diegu: Usurbilgo osasun zentroari dagokion pediatra plaza egiturazkoa berehala betetzea, herrian bertan eta modu egonkorrean arituko den profesional batekin. Haurren osasuna lehentasuna izan behar da, eta osasun publikoa, unibertsala eta hurbilekoa bermatu behar da", adierazi dute.

"2025ean 5 hilabetean zehar pediatrarik gabe egon ginen. Herrian kalte larriak eragin zituen egoera hark eta orain ere eragiten ari da: diagnostiko eta tratamenduetan atzerapenak, prebentzio-kontroletan murrizketa, larrialdietako eta Lasarte-Oriako osasun zentroko zerbitzuen gainkarga, gertutasun ezagatik familien lana eta bizitza pertsonala uztartzea oztopatzea...

Jakinaren gainean egongo zarete, Usurbilgo herrian pediatrarik gabe gaude berriz ere urte hasieratik, urtarrilaren 12tik. Lasarte-Oriara bideratzen gaituzte pediatrarengana joan behar dugunetan eta, horrela, bertako langileen lan-karga areagotzen da.

Usurbilgo haurren herriko osasun-zerbitzua bertan behera utzi da, osasun publikoa eta unibertsala defendatzen den garai honetan. Haurren osasunak lehen mailako lehentasuna izan beharko luke eta hala izatea eskatzen dugu.

Bada, herriko osasun zentruan pediatrarik ez izatea eskubide-galera ikaragarria da ia 6.500 biztanleko herri batean, herritarren ongizateari eta osasunari zuzenean eragiten diona. Gure herrian badira kotxerik ez duten familiak, baita gidatu ezin dutenak ere eta haurrak herrian bertan artatuak ez izateak kontziliazioa are gehiago zailtzen du. Egoerarik zaurgarrienetan, haurrak gaixo daudenetan, gertu, herrian bertan, artatuak izateko eskubidea galdu dugu bat-batean Usurbilen. Badirudi gure haurrek ez dutela eskubide hori.

Gure eta gure haurren eskubideak errespetatzeko eskatzen dugu. Osakidetzako lanpostuen zerrendan (gaztelaniazko RPT, Relación de Puestos de Trabajo) Usurbilgo osasun zentroari dagokion egiturazko pediatra plaza bete dezazuela exijitzen dugu. Berehala, herrian, artatuko gaituen profesionala eskatzen dugu. Egonkorra, jarraitua, hurbilekoa, familia guztien erreferentziazko profesionala izango dena, pazienteak ongi ezagutzen dituena: euskalduna, pediatra, Lehen Arretako medikua, jarraikera horretan. Hori guztia funtsezkoa da haurren kalitatezko osasun-arretarako.

Dagozkion lekuan ondorioak izan ditzan".