Naroa Furundarenak Euskadiko txapeldun titulua berretsi du

Txintxarri Aldizkaria 2026ko urtarrilaren 29a

Furundarena, entrenamendu saio batean. Arg.: Naroa Furundarena.

Pistako Euskadiko txapelketan edo hainbat lasterketa herrikoietan izan dira herriko atleta eta korrikalariak lehian. Euskadiko porba nagusian Naroa Furundarena herritarra jauzi hirukoitzeko podiumena izan da; Lasarte-Oriako beste atleta batzuk ere izan dira lehen postuetan

Euskadiko txapelketa lehiatu zen Donostian eta Ostadar SKTko zein beste taldeetako kide diren herritarrek parte hartu zuten, hala nola, Valentziako elastikoa estreinatzen zuen Naroa Furundarena. 

Herritarra jauzi hirukoitzean nagusi izan zen eta Euskadiko titulua mantendu zuen. Baleko bi jauzi besterik ez zituen egin eta biak 12,50 metro baino gehiagokoak; 12,82 metroko markarekin irabazi zuen lehia.

Proba bereko gizonezkoen finalean Ostadar SKTko Oinatz Almagro 12,80 metroko jauziarekin laugarren izan zen.

Jauzi lehiekin jarraituz, taldekide Eider Redondo altuera jauzian seigarren izan zen, 1,50 metrotara iritsi ostean.

Abiadura probetan ere parte hartu zuten herriko kirolariek eta esate baterako, Ostadar SKTko Iraia Alkorta (7,93), Real Sociedadeko Alex Alkain (7,16) eta egun Super Amara BATen dagoen Yeray Veroniz (7,03) 60 metroko finalean aritu ziren korrika. Gainera, Alkortak (7,81) eta Alkainek (7,04) finalerdietan euren marka pertsonalak ondu zituzten.

Bestalde, Atletico San Sebastian taldeko Nerea Eugi herritarrak 200 metroko B finaleko garaile izan zen (25.14) eta Ostadar SKTko June Iruretagoyenak bere marka ondu zuen 800 m. lasterketan, 02.29,06.

Hilari amaiera eta otsailari ongi etorria egiten dion asteburuan, aldiz, Euskadiko Kluben arteko Kopa lehiatuko da Donostian eta Atletico San Sebastian taldearekin borrokatuko dira Hodei Murgiondo eta Nerea Eugi herritarrak.

Herri lasterketetan ere

Pista eta krosaz gain, errepidean eta mendian ere izan dira herritarrak edo Lasarte-Oriako taldeerako ordezkariak lehian azken asteetan. 

Hilaren 18an, Antiguako krosean edo Araitz-Betelu krosean parte hartu zuten Lasarte-Oria Trail Mendi Elkarteko (LOTME) kide Xabier Aizpuruk eta Jon Huicik, hurrenez hurren.  Lehena bosgarren (16.32) izan zen Donostiako auzoko proban eta Nafarroako lasterketan, 25.42 marka egin zuen Huicik.

Astebetera, hilaren 25ean, Gernika-Lumon (Bizkaia) lehiatu zen Etxera Trailen eta Idiazabalgo krosean ere izan zen lasarteoriatarrik. 

Azken lehia honetan, Julen Ormazabal Irati Larrañaga usurbildarraren erbi lanak egin eta herritarren artean azkarrena (39.06) izan zen.

Etxera Trailen, aldiz, Lorea Barkaiztegi izan zen lehen lasarteoriatarra, 01.39.43.