Zinema da otsaileko kultura agendan protagonismo gehien duen diziplina. Ez da gutxiagorako: Itsaspeko XVIII. Zinema Zikloa eta Okendo taldearen Euskal Dokumentalen Zikloa hilabete horretan aurrera eramango dituzte. Horrez gain, ostiraletan eta igandetan pase ugari prestatu ditu udalak haurrentzako nahiz helduentzako.
Antzerkiari dagokionez, Donosti 1987. Un asunto de txapelas lanaren emanaldia egingo dute Gorka Aginagalde eta Txemi Parra aktoreek. Bestalde, Intza Alkain herritarra kide duen taldeak Ikimilikiliklik Vol.2 antzezlana ekarriko du kultur etxera.
Alkain ez da izango etxean ariko den aktore bakarra, izan ere, Go!azen telesail musikaleko lagunek zuzeneko emanaldia egingo dute eta kultur etxeko oholtza gainera igoko den artistetako bat izango da Luken Urruzmendi gaztea.
Herritarrek aukera izango dute literaturaz gozatzeko ere. Batetik, familiako kideei zuzenduta dagoen Liburu Baby Kluba egitasmoko saioak egingo dituzte larunbatero. Bestetik, solasaldi pare bat programatu dituzte: Pedri Lemebel idazlearen Tengo miedo torero eta Frederik Peeters egilearen Pilula urdinak lanari buruzkoak izango dira, hurrenez hurren.
Azkenik, hileroko lankidetzarekin jarraituko dute udalak eta Danok Kide elkarteak: La Traviata opera klasiko eta ezagunaren emanaldi digitala aurrera eramango dute, Londres hiriko (Erresuma Batua) The Royal Opera areto entzutetsuko zuzeneko ikuskizunari buruzkoa.
Hitzordu horien guztien gaineko informazio zehatza gure atari digitaleko Agenda atalean eskura dezakezue.