Topaketa hori baliatu zuten "bizitegi eskaintza azkarrago sortzeko tresnak" ezagutu eta eskuratzeko, legeak udalei ematen dizkienak. Hauek aipatu dituzte: epe urbanistikoak eta burokratikoak murrizteko formulak; udalarenak diren partzeletan etxebizitza babestuak eraikitzeko lehentasunez erabiltzeko mekanismoak; eta hirigintza egungo behar sozialetara egokitzeko ahalmen handiagoa izatea.
Udal ordezkariek azpimarratu dutenez, Lasarte-Oriako bizitoki larrialdi egoerak eskatzen du erakundearen "erantzun proaktiboa". Horren harira, dagoeneko "hainbat ildotan lanean" ari direla zehaztu dute, "herritarrek etxebizitza duin eta eskuragarrietan bizitzeko aukera" izan dezaten.
Aurrez aipatutakoaz gain etxebizitza turistikoen erregulazioa jorratu zuten Gasteizen. "Lege berriak sendotu egiten ditu HAPO Hiri Antolamendurako Plan Orokorrean dagoeneko txertatu ditugun neurriak". Udal plangintza horrek "erregulazio zorrotza" ezartzen die turismo ostatuei eta mugatu egiten du horien kokapena (beheko edo zenbait baldintzaren menpeko lehenengo solairuetara), herriko bizitoki parkea "hirugarren sektorekoa ez bihurtzeko".