Lasarte-Oriako Udalak CIMASUB Itsaspeko Zinema Zikloaren XVIII. edizioa aurkeztu du. Hitzordu kultural "sendoa" dela azpimarratu dute udal ordezkariek, eta iragarri, ikusleei zinemaren, argazkien eta hezkuntza jardueren bitartez ozeanoen edertasuna eta hauskortasuna erakutsiko diela. Agerraldian izan dira Lasarte-Oriako alkate Agustin Valdivia, Kulturako zinegotzi Ainara Elicechea eta aipatu egitasmoko zuzendari David Sanchez. Horiek guztiek azpimarratu dute nazioartean ia mende erdiko ibilbidea duen jaialdiaren kultura, hezkuntza eta ingurumen balioa.
Aurkezpen agerraldia baliatu dute herritarrei jakinarazteko programa "oso eta doakoa" eskainiko zaiela. Ohi bezala, itsaspeko zinema emanaldiak aurrera eramango dituzte, argazki erakusketa bisitatzeko abagunea ere izango dute, eta herriko ikastetxeetako ikasle eta adinekoentzako jarduera espezifikoak ere izango dira. Egia zure begien aurrean da aurtengoa aurrera eramateko aukeratu duten leloa, eta itsaspeko mundua den bezala behatzeko gonbitea egin diete lasarteoriatarrei.
Emankizunetarako hiru egun
Antolatzaileek iragarri dute zinema saioak otsailaren 9an, 16an eta 23an izango direla, 19:00etan, Manuel Lekuona Kultur Etxean. Halaber, azaldu dute nazioartean saritutako film labur eta dokumentalen proiekzioarekin emango dituztela. Gainera, otsailaren 7tik 27ra, udaletxeko atarian argazki erakusketa bat jarriko dute, "mundu osoko egileen urpeko irudien aukeraketa zainduarekin".
Programazioa osatzeko, ikastetxeei zuzendutako Txikizikloa egingo dute, otsailaren 9an. Gaztetxoentzako ez ezik, Atsobakar egoitzako egoiliarrekntzako Adinzikloa ere aurrera eramango dute. Otsailaren 10ean izango da hori, aipatu egoitzan bertan. Bi ekimenek jaialdiaren "izaera dibulgatzailea eta soziala" indartzen dutela azpimarratu dute udal ordezkariek, eta gaineratu, ozeanoaren kultura adin guztietako jendearengana hurbiltzen dutela.
Agustin Valdivia alkateak adierazi du Lasarte-Oriak aukera "ezin hobea" duela nazioarteko erreferentzia den jaialdiaz gozatzeko: "Kultura, ingurumen sentsibilizazioa eta kalitate handiko edukietarako doako sarbidea konbinatzen ditu".
Kultura zinegotzi Ainara Elicecheak, berriz, nabarmendu du Itsaspeko Zinema Zikloak Lasarte-Oriarentzat duen garrantzia: "Gure kultur programazioan erabat finkatua dagoen jaialdia da. Urteak daramatza eta apurka-apurka udalerriko kultur identitatearen parte bihurtzen ari da". Askotariko adinetako herritarrak kontuan hartzen dituen egitasmoa izatearen harira, honako adierazpenak egin ditu: "Adin guztietara iristeko gai da, hasi txikienetatik, eta helduetaraino". Atsobakarreko emanaldien gainean esan du zikloa aurrera eramango duten bigarren urtea izango dela, eta ekimen horri "bereziki harrera ona" egiten dietela, eta "asko" gozatzen dutela.
Jaialdiaren zuzendari David Sanchezek, aldiz, udalaren "inplikazioa" eskertu du eta herritarrak animatu ditu programatutako jarduera guztietan aktiboki parte hartzera.
Datak, ordutegiak eta lekuak
- Argazki erakusketa: udaleko atarian, otsailaren 7tik 27ra, 09:00etatik 14:00etara.
- Itsaspeko zinemako emanaldia, Manuel Lekuona Kultur Etxean, otsailaren 9an, 16an eta 23an,19:00etan.
- Otsailak 9: Sesion Bronce
- Otsailak 16: Zilarrezko Saioa
- Otsailak 23: Urrezko saioa
- Txikizikloa, Manuel Lekuona Kultur Etxean, otsailaren 2an eta 9an, 10:00etan.
- Adinzikloa, Atsobakar Egoitzan, otsailaren 10ean.