BURUNTZALDEKO PUBLIERREPORTAJEA

Euskarazko rap tailerra gazteentzat, otsailean eta martxoan

Txintxarri Aldizkaria 2026ko urtarrilaren 23a

Beat-Eroak tailerra antolatu dute Buruntzaldeko Euskara Zerbitzuek, eta bi saio egingo dituzte eskualdeko udalerri bakoitzean, Lasarte-Orian otsailaren 20ean eta bigarren saioa martxoaren 16an, Odei Barrosoren eta Telmo Trenorren eskutik. 12 eta 16 urte bitarteko gazteek izango dute aukera, izen-emate epea zabalik dago

12 eta 16 urte bitarteko gazteek aukera ederra izango dute Buruntzaldeko udalerrietan, hitzarekin eta musikarekin jolasteko eta trebatzeko, euskaraz. Izan ere, Beat-Eroak rap tailerra antolatu dute eskualdeko udaletako Euskara zerbitzuek, honako leloarekin: Hitza askatu, erritmoa markatu.

Otsailean eta martxoan izango da tailerra, eta udalerri bakoitzean bina saio egingo dituzte. Aurrenekoan, Odei Barroso rapero eta bertsolariarekin arituko dira gazteak, eta hitza landuko dute: oinarri musikala aukeratu, eta rap letrak lantzen lagunduko die Ødei artistak. Aurreneko saio hori otsailean izango da udalerri guztietan, eta bakoitzaren data zehaztu dute, azpiko koadroan ikusi daitekeenez. Lasarte-Oriaren kasuan zehazteke dago oraindik eguna eta ahal bezain pronto iragarriko dute hitzordua.

Kanta sortu eta grabatuko dute bigarren saioan

Tailerraren bigarren saioan, Ødei ez ezik, Telmo Trenor DJ eta ekoizlea ere izango da gazteekin, eta guztien artean emango diote forma egindako lanari: aukeratutako base musikalarekin eta osatutako letrekin, kanta sortu eta grabatuko dute, martxoan.

Horrela, herri bakoitzean abesti bat osatuko dute, eta herrien arteko lehiaketa ere izango da: abesti guztiak entzungai jarriko dituzte euskara.buruntzaldea.eus webgunean, eta bozketa zabalduko dute, herritarrek gustukoen dutena aukeratzeko. Sari potoloa izango du irabazleak: bideoklipa grabatzea. Gainera, rap festa ere aurreikusi dute, egindako lanak erakutsi eta gazteen artean harremanak sustatzeko.

Egitasmoan izena emateko epea hilaren 19tik 31ra artekoa izango da, bi egunak barne

Herri bakoitzean, gehienez ere 30 gaztek hartu ahal izango dute parte, eta datorren astelehenean zabalduko dute izen-ematea, bi astez: urtarrilaren 19tik 31ra izango da apuntatzeko aukera, euskara.buruntzaldea.eus webgunean bertan.

Egitasmoa 2020. urtean jarri zuten martxan, Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria Sailaren eta Iametzaren eskutik; eta bi proiektu pilotu egin zituzten: Legazpiko eta Urretxu-Zumarragako gaztelekuetan. Buruntzaldeko herrietako gazteen txanda da orain.

Ez galdu aukera!