EDUKI BABESTUA

Oporrak Bakean egitasmoak harrera familiak behar ditu uztail eta abuzturako Lasarte-Orian

Txintxarri Aldizkaria 2026ko urtarrilaren 22a

Lasarte-Oriako Udalak, Sahararekin Elkartasuna Lasarte-Oria taldeak eta Oporrak Bakean programak dei egiten die herritarrei udaran Saharako haurrak etxean hartzeko familiak behar dituztelako, errefuxiatu kanpamentutik atera eta udako oporrak bakean pasatzeko. 

Lasarte-Oriako Ruben, Irati eta Beñaten etxera Hassana etortzen da. Aurten laugarren urtea izango du eta berarekin batera beste haur batzuk etor daitezen animatu nahi dute elkarteko kideek. Herriko harrera familiak hau kontatzen du: "Prozesua martxan jarri genuenean, elkarteak bidalitako argazki bat eta izena besterik ez genuen, aste oso mugituak izan ziren baina batez ere ilusio handia genuen". Kezka "asko" zituzten: "Nolako jarrera izango du etxean? Nola komunikatuko gara? gure semearekin ondo eramango da?". Behin etxean, komunikazioa izan zen "oztopoa" baina mimikaz eta batez ere umorez gainditu zuten. "Beraien hizkuntza hassanierako (arabierraren dialektoa) hitz batzuk inprimatu genituen eta orri horrekin pasa genituen lehen asteak; gezurra badirudi ere, euskaraz komunikatzen da gaur egun".

Oso garrantzitsua da hemengo haurrekin integratzea, baina baita beste haur saharrekin kontaktua ez galtzea ere (elkartzeak asko laguntzen die). Horregatik, Udako Txokoetara eraman dugu urte hauetan eta oso gustura ibili da. Gainera, begirale/itzultzaile bat izaten dugu espreski haur horientzat. 

"Igeriketa ikastaroa ematen du udalak eta guretzat oso baliagarria izan zen, batez ere lehen urtean, inoiz ez baitzen igerilekuan edo itsasoan sartu; momentu hori oso hunkigarria izan zen", gogoratu dute Ruben, Irati eta Beñatek. "Harremana eta egunerokoa oso erraza izan da Hassanarekin: oso haur atsegina eta lasaia da. Aurten azken urtea izango du (eta espero dugu azken kanpaina izatea) eta udaz berarekin gozatzeko irrikitan gaude". 

Informazio gehiago nahi duena elkartearekin harremanetan jar daiteke: www.oporrakbakean.eus; 696 01 47 86 telefono zenbakia edo oporrakbakean@gmail.com helbide elektronikoa.

Gainera, Lasarte-Orian bilera informatibo bat aurrera eramango dute Antonio Mercero aretoan, otsailaren 4an, 18:00etan. Inolako konpromisorik gabe joan daiteke. Bertaratzeko asmoa dutenek 696 01 47 86 zenbakira deitu edo idaztea eskertuko dute antolatzaileek.