Maialen Chourraut kiroldegian jokatu zuten Gazteen mailako kideek partida estua jokatu zuten. Etxekoak 2-0 aurreratzea lortu zuten arren, Janrablue ez zen besoak gurutzatuta geratu eta pixkanaka markagailuari itzulia eman zion Tolosako taldeak (2-4). Hori-beltzak berriro emaitza alde jartzen saiatu arren, tolosarrek errenta mantentzen jakin zuten eta azken emaitza 4-6 izan zen.
Kanpoko lehiei dagokionez, Errenterian Gamon Auziren aurkako neurketa berdintzea lortu zuen Eguzki ISU Leihoak taldeak. Etxekoak lehen minutuetan 2-0koa lortu zuten arren, hori-beltzek ongi egin zioten aurre egoerari eta bina amaitu zen neurketa.
Legorretan Ohorezko erregionalak, aldiz, ezin izan zuen jokoan nagusitu zen Bilkoin Basaberen aurka ezer egin eta 11-3 galdu zuen.
Golak Euskadirekin
Bestalde, 14 eta 16 urtez azpiko Erkidegoen arteko Espainiako txapelketako multzoen lehian, Eguzkiko ordezkariek lan ona egin zuten Extremaduraren aurkako partidetan. Gaztetxoen lehian Julen Mauleonek eta Aimar Garciak gol bana egin zuten eta 16 urtez azpikoan, Hugo Hernandezek bi gol. Herritarren ahaleginak ez ziren nahiko izan norgehiagokak gainditzeko; 6-2 eta 6-5 galdu zuten, hurrenez hurren.
Balear Uharteko ordezkarien aurka ere ez zuten zorterik izan; 1-5 eta 0-6 izan ziren emaitzak.
Txapelketan bosgarren eta laugarren postuetan sailkatu dira bi taldeak. Ondorioz, ezingo dira lauko final handian izan, baina azken sailkapena zehazteko lehia izango dute martxoan.