NANa eta pasaportea egiteko edo berritzeko zerbitzu mugikorra indartuko dute

Txintxarri Aldizkaria 2026ko urtarrilaren 23a

Lasarte-Oriako Udalak eta Espainiako Gobernuaren ordezkariordetzak NANa eta pasaportea berritzeko zerbitzu mugikorra indartuko dute. Herritarren "harrera bikaina" dela-eta, aipatu zerbitzuaren maiztasuna bi egunetara zabalduko dute otsailetik aurrera

Lasarte-Oriako Udalaren eta Espainiako Gobernuaren Gipuzkoako Ordezkariordetzaren artean garatutako lankidetza protokoloak helburuak "soberan" bete dituela azpimarratu dute Agustin Valdivia alkateak eta  Espainiako Gobernuko ordezkariorde Noemi Lopezek. Hitzoi jarraiki, nabarmendu dute azken deialdien arrakastaren ostean, erabilgarri zeuden leku guztiak erabili dituztela herritarrek, eta aurrerantzean, ahalegin instituzional hori sendotu egingo dutela, zerbitzua zabalduta.

Halaber, adierazi dute aipatu bi administrazio horien arteko "lan koordinatuari" esker, Askatasuna Plazan kokatutako unitate mugikorra herritarrentzako "irtenbide eraginkor gisa" finkatu dela: "Protokolo bateratu horri esker, funtsezko zerbitzu publikoa eskaintzen da zuzenean udalerrian. Horrela, joan etorriak saihestu eta kudeaketa denborak optimizatuko dira aurretiazko hitzordu sistema baten bidez".

Ordezkari politikoek gaineratu dute orain arteko jardueraren balantzeak "zerbitzuaren erabilgarritasuna" baieztatzen duela. Zenbait datu ere ezagutarazi dituzte. Aipatu dute, adibidez, zerbitzua abian jarri zenetik, Lasarte-Orian 140 dokumentu izapidetu direla; horietatik 108 NANa berritzeko tramiteak izan dira, eta 32, aldiz, pasaportea berritzeko. Gauzak horrela, bi erakundeek erabaki dute hileroko bisitak bikoiztea; horrek ahalbidetuko du "Espainiako administrazioa toki eremura hurbiltzen duen hurbileko arreta eredua indartzea".

Datozen datak eta ordutegia

Izapide horiek egiteko datozen egunak otsailaren 3 eta 17a izango dira, astelehenarekin. 08:30etik 14:30erako ordutegian joan ahal izango dira bertara interesdunak, nahiz eta horretarako, arestian aipatu bezala, ezinbestekoa izango den aurrez hitzordua hartzea. Horretarako, 943-37 61 85 telefono zenbakira deitu behar dute herritarrek honako ordutegian: 09:00etatik 14:00etara.

Agerraldia amaitzeko ordezkari politikoek berretsi dute erakundeek "elkarrekin lan egiteko konpromisoa".