Beñat Telleria herritarra Kirol Herriko finaletan izan da lehian

Txintxarri Aldizkaria 2026ko urtarrilaren 21a

Beñat Telleria (eskuinean) eta 'Urra' (ezkerrean), bakarkako lehian. Arg.: EITB.

Sustraiak elkarteak antolatutako Kirol Herri txapelketako jokatu da; EITBn ikusgai izan da. Bakarkako zein taldekako lehiatan parte hartu du Lasarte-Oriako Beñat Telleria harri jasotzaileak eta bietan lehen postuetan izan da; bigarren amaitu du bakarkako txapelketa eta ekipoka hirugarren izan da. Herritarraz gain, Karmele Gisasolak, Ainitze Zumetak eta Eneko Otañok osatu dute laukoa

Kirol Herri lehiaketak harri jasotzea eta aizkolketa uztartzen ditu formatu berritzaile batean. Lau talde misto aritu dira nor baino nor lau saioetan lehian eta finala, hilaren 17an, Hernaniko Atsegindegi kiroldegian jokatu zen.

Zarautz, Oikia, Doneztebe (Nafarroa) eta Alegian jokatutako jardunaldien ostean, hirugarren postua izan zuen jokoan Telleriaren taldeak Hernanin. Oihana Barrena, Mikel Larrañaga, Mikel Lopetegi Urra eta Lierni Osa izan zituzten aurrez aurre eta lehia estua izan zen. Telleria kide zuen laukoak aurkariak baino bi segundo lehenago amaitu zuen lana.

Txapelketako garaileak Nerea Arruti, Hodei Ezpeleta, Gari Garmendia eta Maddi Gesalaga izan dira.

Bigarren, bakarka

Taldekako lehia baino lehen, abenduaren 31n, Asteasun, bakarkako finalak jokatu ziren eta harri jasotze modalitatean, Telleriak Mikel Lopetegi Urra izan zuen aurkari. 

Bi harri jasotzaileak indartsu aritu ziren eta lehia estua izan arren, harri zilindriko eta kubikoarekin egindako lanari esker, aurre hartu zuen Urrak eta bolarekin ongi eutsi zion aldeari. Ondorioz, zilarrezko postua eskuratu zuen herritarrak.