Manuel Lekuona Kultur Etxean aurrera eraman dute hil honetako saioa Irakurle Txokoko kideek. Ohi bezala, Aintzane Usandizaga idazle eta taldearen dinamizatzaileak gidatu du hitzordua; partaideek hitza hartu aurretik, idazlearen aurkezpen laburra egin du. Kontatu du kazetaria dela, baita idazle eta bertsolaria ere. Ala, jakinarazi du zenbait lan idatzi eta kaleratu dituela, eta sariak ere eskuratu dituela. Aipatu du ere klima larrialdiari buruzko eta ingurumenari lotutako gaiak maiz lantzen dituela bere lanetan.
Idazleak berak hartu du hitza gero, eta eleberriaren gaineko zenbait zertzelada eman ditu. Kontatu du, adibidez, bere kezka existentzialetik abiatuta idatzitako etorkizun hurbilera fokuratutako fikziozko liburua dela. Fikziozkoa izanagatik, idazleak kontakizunean zehar emandako egiazko datu historiko batzuek eragiten dute irakurleak istorioa erreala izan daitekeenaren sentsazioa izatea.
Protagonistaren lehen hitz horien ostean, askotariko hausnarketak partekatu dituzte taldeko kideek. Gutxi batzuk jakinarazi dute ez dutela saioa heltzerako liburua guztiz irakurtzeko denbora edo aukerarik izan, baina osorik irakurri duten gainerakoek aitortu dute "asko gustatu zaiela". Askotariko hausnarketak partekatu dituzte Petxarromanekin.
Espainiara ura garraiatzen duen tren baten leherketa irudikatzen du Lehendakariaren alaba-ren azalak. Euskal Herriko politika eta mundu mailako larrialdi klimatikoa uztartuta, 2026tik 2040ra arte azkar batean denboran aurrera egingo du irakurleak.
Datozen hilabeteetako saioak
Ekainera arteko solasaldi saioak prest ditu dagoeneko Irakurle Txokoak. Otsailean, Frederik Peeters-en Pilula Urdinak liburua izango dute mintzagai. Martxoan, berriz, beste herritar baten lanaz solastatuko dira: Ane Labakaren Hezur berriak. Saio horretan, gainera, idazlea bertaratuko dela iragarri dute antolatzaileek.
Truman Capotek idatzitako eta Xabier Olarrak itzulitako Odol hotzean lanaz ariko dira apirilean, eta, maiatzean, aldiz, Nahia Intxausti lasarteoriatarraren Zainetan Zilarra-z hitz egingo dute protagonista bertan izango da). Ekaineko solasaldia zehazteko duten arren, jakinarazi dute herriko transmaribollo kolektiboarekin elkarlanean aurrera eramango dutela.